Ezarian. Hegaztiak

Hegaztien atzetik begira

Euskal Herritik igarotzen diren milaka hegaztiak ikusteko hainbat behatoki daude Urdaibai, Plaiaundi eta Salburuko hezeguneetan, besteak beste.

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ipar hemisferiotik hegoalderako bidean izango dira orain milaka hegazti migratzaile. Negu goxoago baten bila egingo dute bidaia, Europa iparraldetik Afrikara, eta bidean geldialdi ugari egingo dituzte. Tartean, Euskal Herrian ere geldituko dira. Besteak beste, Txingudi-Plaiaundiko paduran, Urdaibaiko hezegunean eta Salburuan topatuko dute babesa hegazti migratzaileek. Leku horietan guztietan, animaliok bizirik ikusteko azpiegiturak jarrita daude. Era horretan, herritarren artean dibulgazio lana sustraitu nahi da, bertako fauna ezagutzeko, eta baita ikerketak egiteko ere. Afrika aldera bero bila joango diren arren, bertan ere topatuko dute berotasuna hegaztiek.

Urdaibaiko Bird Center behatokia gisa honetako azkenekoa da. Joan den urtean zabaldu zuten, eta Euskal Herria Europako sare ornitologikoan barneratzeko helburuarekin sortu zen. Ikerketara bideratutako zentroa da, batez ere, Aranzadi zientzia elkartearen eta Elaia elkartearen bidez. Horretarako, baliabide ugari eskaintzen ditu zentroak, eta lan handia egiten dute hegaztiei eraztunak jartzen. Datozen urteetan 100 espezietako 10.000 hegaztiri jarriko dizkiete eraztunak euren garapena zein izango den jakiteko.

Ikerketara bideratutako zentro bat den arren, 18 metroko garaiera duen behatoki bat ere badauka Bird Centerrek, 270 graduko ikuspegia duena. Bertatik Urdaibaiko estuarioaren ikusmira zabala jasotzen da, aberastasun natural handiko itsasadarra izaki. Horiek horrela, milaka hegazti iristen dira udazkenero bertara. Horregatik, behatokia leku egokia da hegaztiak ikusteko.

Baina ez da leku bakarra. Txingudiko badian dagoen Plaiaundiko hezegunean ere hegazti ugari biltzen baitira. Gipuzkoako handiena da. Mendeetan zehar, ordea, aldaketa ugari izan ditu hezeguneak, eta gizakiaren jardunak ere hamaika bider eragin dio. Erdi Aroan, esaterako, ingurua lehortzen hasi ziren lurrak nekazaritzara bideratzen hasteko, eta XX. mendean hezeguneak izugarri txikitu ziren garraiobideen eraginez: aireportua, trenbidea eta N-I errepidea. Edozein modutan, hegaztiek bertako hezeguneak aukeratzen jarraitu zuten, nahiz eta gero eta gutxiago iristen ziren. Larrialdia 70eko hamarkadan iritsi zen, lehen ikerketak egin zirenean, eta 1983an Eusko Jaurlaritzak inguruko ikerketa bat egin zuen. Hamabost urte beranduago zabaldu zuten Plaiaundiko parke ekologikoa, 1998an.

Hegazti mota ugari ikuskatu daitezke bertan, besteak beste, martin arrantzalea, mokozabala, txenada, zikoina, txilinporta eta abar. Txoko guztietatik inguratzen da bertara jendea hegazti horiek ikusteko; horrenbeste, urtero 45.000 bisitari jasotzen baititu Plaiaundiko parke ekologikoak.

Gasteiz inguruan dagoen Salburuko hezegunea ere galtzeko zorian egon zen XX. mendearen erdi aldean. Hiru laku zeuzkan inguruak, baina 1957an lehortzeko lanekin hasi, eta hogei urteren ondoren apenas geratzen zen urmael bat. 1994. urtean Salburua lehengoratzeko lanei ekin, eta gaur egun 180 hektarea lehengoratzea lortu dute. Horiek horrela, hegazti migratzaileak bertara itzultzen hasi ziren, eta nazioarteko hezegune garrantzitsuenen zerrendaren barruan ere sartu berri dute Salburukoa. Behatoki bat ere badago bertan, eta handik milaka lagun igarotzen dira urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.