Gorka Karapeto. Eskalatzailea

«Helburu bat betetzeari ematen diot garrantzia»

2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Azpeitia utzi eta denboraldi baterako Kataluniara joan da Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981). Esclatamasters eskalatuta egin du bigarren aldiz jauzi 9a mailara, eta datozen asteetarako badu maila horretako beste bideren bat buruan. Euskal Mendizale Federazioak saria emango dio datorren ostiraleko mendizaletasunaren galan.

Aurrez Sistematik ihes eskalatu zenuen, Aizpunen; 9a mailako zure lehenengo bidea. Zer garrantzi du oraingo urratsak?

Nik neuk proposatutako helburu bat lortu izanari ematen diot garrantzia. Kataluniara etorri naiz denboraldi baterako, gogor eskalatu eta harkaitzean estutzera, eta bide horretan urrats bat da Esclatamasters; bide onetik noan adierazgarri. Horrek ematen dit poza. Zenbaki eta zailtasun horretako bide bat eskalatzeari garrantzia ematen diot, baina neurrian. Sistematik ihes 2009an eskalatu nuen, eta ostera maila horretan nagoela ikusteko balio izan dit.

Sistematik ihes eta Esclatamasters bideek zerikusirik ez dute. Eskalatzaile osoa zarela adierazten du horrek, ezta?

Oso bide desberdinak dira. Sistematik ihes-ek sabai bat gainditzen du, eta oso eskalada fisikoa da. Esclatamasters, aldiz, erresistentziazko bidea da; beheko zatian baditu indarra behar duten mugimenduak, baina erditik aurrera erori gutxiko horma da, eta helduleku txikiak ditu. Gustatzen zait ezaugarri desberdinak dituzten bideak eskalatzea: horma bertikalak, desplome handikoak… Motibagarria zait.

San Sebastian egunean danborrik ez zenuen jo herrian; biharamunean izan zenuten zuek festa...

Danbor hotsik ez zegoen Perlesen. Leku lasaia da, bakartia, eta isiltasuna gure oihu eta barreek hautsi zuten. Gambusek lehenengo 9a zuen, ospatzekoa da hori.

Zuk bigarren saioan kateatu zenuen.

Gustura ari nintzen eskalatzen, baina tarterik zailenetako batean helduleku bat ez nuen behar bezala hartu, behatz bat ez nuen jarri beharreko lekuan jarri, eta gora jarraitu ezinda geratu nintzen. Dabidek kateatu zuen bidea ondoren, eta jaitsi zenean bigarren saio bat egitera animatu ninduen. Ez nintzen hain gustura hasi, baina ongi gainditu nuen.

Lagunak zarete Gambus eta biak. Berezia egingo zuen bidea egun berean biek eskalatu izanak, ezta?

Esperientzia polita izan zen oso; ederra eta ezohikoa. Lagunarteko giroan eskalatu genuen eta denbora batera, egunarekin gogoratzen garenean, oroitzapen ederragoak izango ditugu. Ezohikoa da bi lagunek 9a mailako bide bat egun berean eskalatzea.

Katalunian ari zara arrastoa uzten...

Gogotsu etorri naiz, bide eta eskalada gogorrak eskalatzeko asmoz. Bide horretan jarraitu nahi dut, hankak lurrean, betiere.

Ba al duzu erronkarik begiz joa?

Bide batzuk baditut buruan, Olianan dagoen Duele la realidad, adibidez. 9a mailakoa da hori ere, Ramon Julian Ramonet-ek eta Dani Andradak eskalatu zutena. Aukerak baditudala uste dut.

Haitzetan dantzan blogean biltzen ari zara zure ibilien berri. Eskaladak adina kateatu al zaitu sareak?

Nire gora-behera eta eskaladen berri emateko modua dut; bizipenak lehen pertsonan kontatzekoa. Lagunek zertan ari naizen jakin dezakete, blogaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.