Aurreko batean genioen janaria ez dela beti, eta derrigorrean, gastronomia. Alde ederra dagoela janaria osagai duten saio batzuen eta besteen artean. Janaria agertzeak ez duela ziurtatzen inolako sukaldaritza labelik,ezta sukaldaritzaz ariko zaizkigunik ere. Saio batzuek elikadura ikuskatze-kontrol eskuzabalena ere ez luketela gaindituko. Gaurkoan esan beharra dut batzuetan gastronomia ez dela bakarrik janaria, janari-edariekin lotuta dagoen ezagutza-multzoa ere badela, kultura baten parte, alegia.
Iruzkina egitera animatu nauen saioak (H)eltzean du izena, eta izenburuak iradoki bezala, gure artera heldu direnak eta eltzeak lotzen ditu, ETB1en. Hau da, Euskal Herrira bizitzera etorri (eta, garrantzitsua, euskaldundu) diren munduko hainbat bazterretako jendea du ardatz, eta beren kulturako otordu bat nola prestatzen den erakusten digute. Eskema errepikatzen dute atalek: lehenik pertsonaia aurkezten zaigu, harrera herria gero, otordua osatuko duten gaien eskuratzea eta, azkenik, prestaketa eta sabeleratzea. Gonbidatua ez dago bakarrik, lagunek ere hitz egingo dute hartaz, herriaz, batek lagunduko dio otordua prestatzen eta denek jaten.
Akaso denbora gutxiegi eskaintzen zaie jakiei, saioak irauten duen 30 minutuetatik erdiak joan direla hasten baitira erosketak, 20. minutuaren bueltan janaria prestatzen. Baina interesgarria egiten zait janaria nola beztitzen duten gonbidatuaren esperientziarekin, atzean utzi zuenarekin, egun bizitoki dituenekin, nola ontzen duten jana kulturarekin, pertsonekin duen harremana nola lapikoratzen den.
Aho zapore gozoa utzi didate orain arte ikusi ditudan atalek. Igandekoak, adibidez, Petra Elser alemaniarra izan zuen gonbidatu. Prestatu zuten xukruta akaso ez zen munduko gustagarriena izango, baina inperfekzio horrek ere eman zion ukitu exotiko bat saioari, pantailaratzen den guztia borobil behar duen garaiotan. Momentu gogoangarri batzuk utzi zituen gainera: Adarra mendian galduta ibili eta Urnietan agertu zen mendizale ingeles hiztuna, batetik; eta, bestetik, Petra euskara eskolak ematen Azkoitian, Pakistan ingurukoak diruditen hogei bat morrosko bizardunen erdian, estu-estu. Saioa uztailaren 19an hasi zen. Geroztik hamar atal eskaini dituzte, hamahirutik. Azkenburukoak falta zaizkigu oraindik.
Komunikazioa. Ekografiak
Heldu direnen eltzeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu