ATZEKOZ AURRERA

Hemingway gazteari bisitan

Iruñean 'Hemingway bidaide' jardunaldiak egin dituzte azken asteotan. Besteak beste, AEBetako idazlearen bizipenen berri ematen duten bisita gidatuak egin dituzte Alde Zaharrean.

Hemingway ibilitako tokietatik igaro da bisita, adibidez, Iruñeko merkatutik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Iruñean denek ezagutzen dute Ernest Hemingway. Batzuek, ongi. Beste batzuek —gutxiagok— haren liburuak irakurri dituzte. Badira abizena ezaguna egiten zaienak, ez besterik; eta, gehienek, buruan dute haren aurpegiaren irudia. Baina garai zehatz bateko aurpegia da: bizar urdineko gizon zahartuarena. Hala ere, Hemingway 24 urterekin joan zen lehenbizikoz Iruñera, 1923ko uztailaren 6an, alegia. Gaztea zen, altua —iruindarrak baino aise gehiago—, eta bizarrik gabea. Hori da, hain zuzen ere, bisita gidatuetan Javier Muñoz kazetariak eta Edorta Jimenez idazleak bidaideei aurkeztu dieten Hemingway.

«Hemingway hau kalean ikusiko bazenute, ez zenukete ezagutuko». Jimenezek idazle estatubatuarraren gaztetako irudia erakutsi du. «1920ko hamarkadako Hemingway aldarrikatu nahi dugu, garai horretan piztu baitzen bere talentua, hiri honetan bertan». Hemingwayren urratsei jarraitu die bisitak. Hura egondako tokietan geldituz, idazlea hobeki ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Azkenengo bisita gidatua izan da.

Merkatuaren aurrean egin dute lehenbiziko geltokia. Bisitan jakin dute txirrindularitza zalea zela, eta Iratin arrantza egitea biziki maite zuela. Egungo iruindarrendako ez ezik, garai hartako hiritarrendako ere Heminwgay gaztea erabat ezezaguna zen. Gerora ere bai, zentsura dela medio. Are, The Sun Also Rises liburua —sanferminak agertzen dira han— oso berandu iritsi zen Euskal Herrira.

Muñozek galdera bat bota du: «Zergatik ez dugu Hemingway gaztea ezagutzen?». Iradoki du haren ezkerreko ideologiak eta Espainiako Errepublikari adierazitako babesak badutela horrekin zer ikusirik. Gerra kazetari izan zen, 1936ko gerran eta II. Mundu Gerran. Lehenbizikoa frankistek irabazi zuten, eta Iruñera ezin izan zen itzuli 1953. urtera arte.

1923ra itzulita, Merkatuan barneratu da bisita. Idazleak bakailaoa asko maite zuela jakinarazi dute: Bizkaiko erara egina zein ajoarrieroan. Han, mokadutxoa hartzeko tartea hartu dute parte hartzaileek. Merkatutik atera, eta Mañueta kalean, emakume batek hartu du hitza, ezustean. Bisita egiten ari da: «Nik Hemingway ezagutu nuen». Bizar urdinduna, baina. «Gure ostatuan izan ziren. Guk zinema artistatzat genituen», gogoratu du. San Agustin kaleko Taberna Vasca ostatua haren familiarena zen, eta han ezagutu zuen idazlea. «Ongi jan eta edaten zuten, bai», gaineratu du.

Ondoren, azalpenekin jarraitu dute gidariek. Belaunaldiak aldatzen badira ere, lurrak bere tokian jarraitzen du. Hori da The Sun Also Rises liburuaren espiritua, Jimenezek azaldu duenez. Izan ere, «galdutako belaunaldiaz» mintzo da. Gazterik, 1934an ikusi zuen azkenengoz Iruñea Hemingwayk. Itzuli zenean, lurrak han jarraitzen zuen. «Itzultzean, gaztetako oroitzapenak berriz ere elkartu zitzaizkion. Adibidez, garai hartan ezagututako torero batekin topo egin zuen berriz ere», azaldu du Jimenezek. «Itzultzen denaren nostalgia du. Zoriontsu izan zen tokira itzuli zen». Muñozek pasadizo bat gaineratu du: «Are, lehenbizi bilatu zuen pertsona Juanito Quintana da, hark ostatu hartzen zuen Quintana hotelaren jabea». Baina garai hartako iruindar gehienek ez zuten ezagutzen zentsura frankistaren menpeko hirian.

Kubako bizipenak ere hizpide izan dituzte gidariek. Han bizi izan zen, denbora batez, eta euskaldun anitz ezagutu zituen: pilotariak, zerbitzu sekretuetako kideak, eta Andres Untzain Mundakako apaiza —gerran erbesteratua—. Carrico Lucio deitutako bidegurutzean kontatu dute. Ondoren, Hemingwayren liburuan katedrala deskribatzen duen puska irakurri du bisitako parte hartzaileetako batek. Toki horretatik katedrala ikusten da.

Hizkuntzak ere aipagai izan dituzte. Hemingwayk ez baitzekien gaztelera lehenbiziko bisitan. Jimenezek pasadizoa kontatu du: Auritzera joateko autobusean denek euskaraz egiten zutela, baina aurkitu zutela ingelesez hitz egiteko gai zen artzaina. Istorio hori loturik dago bisitaren bukaerarekin. Las Tres Zetas zahato dendan bukatu baita. «Oharkabean pasatu zaigu hau, baina, liburuan ageri denez, hemen egon zen», azaldu du Muñozek. Autobusean ezagutu zuten zahatoa idazleak eta John Dos Passos adiskideak.

Amerika eta Iruñea

Bisitari gehienak bertakoak badira ere, bada Ekuadorko gazte bat: Allin Panchana. Ikasketak direla eta, bigarren aldia du Iruñean bizitzen. Komunikazioa ikasi du. «Literatura izugarri maite dut, nola ez nintzen etorriko?», esan du. Hemingway bezala, Amerika eta Iruñearen arteko joan-etorriko zubian ibiltzen da Pachana. Adi begiratu du Toronto Star Weekluy-ren alea. 1923ko urriaren 27koa da, eta nazioarteko prentsan sanferminei buruz idatzitako lehenbiziko kronika da. Hemingwayrena. Ondoren, bisitaren bukaeran, hari tokatu zaio eguneko azken pasartea irakurtzea. Amerika eta Iruñea berriz ere lotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.