Albokarien topaketa ospatuko da gaur Hernanin (Gipuzkoa), eta, horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun osorako.
Tailer batekin hasiko dute eguna, 10:30ean. Alboka laguntzeko pandero kantuak nola izeneko ikastaroan parte hartzeko aukera izango duteHernaniko Musika Eskolan biltzen direnek. Pandero jotzaileentzat, albokarientzat eta interesa duten guztientzat izango da tailerra.
Ondoren, 12:00etan, albokariekin kalejira izango da alde zaharreko kaleetan. Hainbeste haize bota eta gero, indarrak hartzeko, bazkaria antolatu dute, 14:30erako. Santa Barbara elkarte gastronomikoan izango da herri bazkaria. Parte-hartzaileak ez direnek 20 euro ordaindu beharko dute.
Arratsaldean, Albokaldia egingo dute, Ezkiaga pasealekuan. Euskal Herriko hainbat herritatik iritsitako albokariek kontzertua emango dute. Horrez gain, albokak egiten dituztenen erakusketa ikusteko aukera ere izango da. Eskulangileen abileziak ikusi ahal izango dira, eta azken berrikuntzak zein diren jakin.
Hamazazpigarren urtez antolatu du Hernaniko Musika Eskolako albokari taldeak topaketa hau. Ekimenaren helburua alboka jotzen dutenek elkar ezagutzea da, eta alboka jotzen ez duen jendeari instrumentua ezagutaraztea.
ALBOKARIEN HERNANIKO 17. TOPAKETA
Non. Hernanin.
Noiz. Gaur.
Hernani, albokarien bilgune
Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako albokariek Albokaldia kontzertua emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu