Jaiak. Bergara

Herri bingoa eta gaztetxoentzako DJ festa, jaietako berrikuntzak

Egitarau zabala prestatu dute bihartik asteartera bitartean Bergarako Mendekoste jaiak ospatzeko

Usadioari jarraituz, Bitorianatxoren jaitsierarekin ekingo diote Bergarako Mendekoste jaiei. BERRIA.
Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bergararrak prest daude urteko jai nagusietan murgiltzeko. Bihar, 20:00etan, San Martin plazan festen hasiera irudikatzen duen Bitorianatxoren jaitsiera egin, eta suziria botako dute.

Krisialdiak ere eragina izango du jaietan, murrizketak ere iritsi baitira jaien alorrera. Bergarako Udalak %20 gutxiago gastatuko du jaietan, iazko jaietako aurrekontuarekin alderatuz gero. Hala ere, eta murrizketak murrizketa, izango da ondo pasatzeko aukera, ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu baitute.

Miguel Okina margolariak izango du jaiei hasiera emango dion suziria botatzeko ardura. Horrela, udalak 1936ko gerra sufritu zuten guztiak omendu nahi ditu. Okinak 12 urte zituen garai hartan, eta gertutik jasan zituen gatazkaren ondorioak. Bitorianatxo izatea egokitu zaio Rosa Narbaizari.

Txosnen eta barraken irekiera egingo dute bihar iluntzean. 23:00etan Aire Aire taldearekin dantzatzeko aukera izango da San Martin plazan. Bestelako musika nahiago dutenek ere izango dute gorputza astintzeko aukera. Dirty Brothers, Anai Arrebak, Fiachars eta Goienetxe Anaiak taldeek kontzertua eskainiko dute Bideberrin, 23:30ean.

Larunbatean, goizean goizetik izango da ekitaldietan parte hartzeko aukera. Gimnasia erritmiko txapelketa egingo dute Labegaraietako kiroldegian, 10:00etan. San Martin plazan, ordu berean, haur eta gazteen plastika txapelketa egingo dute. Sukaldean iaioak direnek 11:00etan izango dute euren abilezia erakusteko aukera. Izan ere, bakailao lehiaketa egingo duteplazan.

Eguerdian beste ekitaldi bat izango dute, tradizioa bilakatzeko itxura duena. Iazko Mendekoste jaietan egin zuten estreinakoz jaioberriei ongi etorria emateko ekitaldia. Iazko Mendekoste jaietatik hona jaio diren bergararrei ongietorria emango diete udaletxeko biltzar aretoan. Horrez gain, erraldoi eta buruhandien kalejira eta gaztetxoentzako DJ jaialdia egingo dute.

Igandean, umeentzako ur jolasak, goitibeherak eta Moiazpik antolatutako dantza askatuko txapelketa egingo dituzte.

Astelehenean, kuadrillen eguna izango da, eta paella erraldoia egingo dute ospatzeko, San Martin plazan.

Asteartean, ume eta helduen eguna ospatuko dute. 11:00etatik 14:00etara bitartean jolas parkea irekiko dute, eta, 18:00etan, herri bingoa egingo dute Munibe plazan. Gauerdian, Bitorianatxo igo,eta jaiak amaitutzat emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.