Juan Mari Beltran

«Herri musika edo herri dantza non, han nago ni gozatzen»

Berdin txistua, alboka, dultzaina edo txalaparta izan. Batek ere ez dio ihes egiten Beltrani. Musikaria da guztiaren gainetik; hala ere, irakaslea eta ikertzailea ere bada.

Maite Alustiza.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Herri Musikaren Txokoan hartu gaitu Juan Mari Beltranek (Donostia, 1947), Oiartzunen. Artxiboan ari da lanean, goiko pisuan. Liburu eta paper artean, Galiziara egin berri duen bisitatik ekarri dituen hiru soinu tresna ditu.

Museoa etxea baino txukunago al duzu?

Emaztea eta biok hemen bizi gara, eraikin berean, txoko batean. Eta horrek nolabait erraztu egiten du lanerako. 1995ean sartu nintzen hemen, San Pedro bezperan. Gauza guztiak hona ekarri ditugu pixkanaka: liburuak, soinu tresnak, diskoak… Baita gure txokoa ere.

Nahita ere, ezin deskonektatu.

Deskonektatu agian ez da deskonektatu behar! Zertarako deskonektatu? Ez dakit noizbait deskonektatzen den. Joan egun batzuk Kataluniara oporretan, eta non dagoen herri musika, herri dantza edo herri gastronomia, han nago ni gozatzen.

Bidaiatzeko aitzakia galanta.

Bidaiatzeko izan dudan arrazoi nagusia musika jo behar izatea izan da, gehiena horrela ibili naiz munduan. Orain Lugon izan gara jotzen, hiru saiotan. Eta bertakoak gugana gerturatu dira gauzak galdetzera, gerturatu dira horretaz zekitenak, eta nik ere galdetu diet haien musikaz. Hori polita da. Modu horretan askoz gehiago ezagutzen duzu kanpokoa.

Geratzen al da Beltranek deskubritu ez duen herri musikako tresnarik?

Asko izango dira. Liburuetan askotan ikusten duzu ez daukazuna eta zuzenean ikusi ez duzuna. Ziur aski ez da egongo mota berririk, baina mota bateko soinu tresnak oraindik liburuetan azaldu ez direnak asko izango dira.

Ziur baten batek bereziki eman dizula atentzioa.

Batzuetan arraroenak izan daitezke gure antzekoenak direnak. Munduko beste zenbait lekutan azaltzen direnak, txalaparta motakoak, alegia. Alpeetan nola jotzen duten ikusteak—hemen Kirikoketa jotzen duten bezala—, edo gure antzera, bi txalapartarirekin Papua Ginea Berrian papuak ikusita harritu egiten zara. Edo Turkia aldean albokaren egitura ia bera duen tresna bat ikusten duzunean.

Etxarriarra ala donostiarra zara?

Donostian jaio nintzen, ama erditzera Donostiara etorri zen, eta hemen pasatu zituen 3-4 hilabete. Batzuetan gertatzen da esaten dizutela, «aldatu beharko zenuke!». Baina ni 15 urterekin Donostiara etorri nintzen bizitzera, eta jaio eta nire bizitza ia gehiena hemen inguruan egin dut. Ni hemengoa sentitzen naiz, Etxarrikoa ere bai e… Nire musika hastapenak eta gehiago han izan ziren. Donostiara etorri nintzen klarinete jotzailea nintzela, saxofoi jotzailea nintzela eta txistularia nintzela.

Musika munduan ezagutu zaitugu beti. Ez al duzu beste ezer egiteko gogorik izan?

Topografian ibili nintzen urteetan enpresa batean, baina orduan ere musikan aritzen nintzen. Beste ofizio batzuk ere gustukoak izan ditut. Zurgina izatea gustatu izan zait beti; arotza ere bai. Auzoan baditugu horretan aritzen diren zalakaindarrak, eta gustura aritzen naiz lanean nola aritzen diren ikusten. Gustuko izan ez dudana baratzean aritzea izan da, haur batentzat ez da agian politena… baina gaur egun gustatzen zait.

Aitor semeak aktore lanetan dihardu. Aitak ba al du zerbait aktoretik?

Ez dut neure burua horretan ikusi, ez dut sekula pentsatu. Probatu beharko genuke!

Musikaren bidetik eraman dituzu seme-alabak.

Nik uste dut gauza horiek ez direla bultzatu behar. Semearen kasuan egia da bultzatu gabe ikastolan pentsatu genuela musika irakastea, eta guraso batzuek musika eskola antolatu genuen eskola orduetatik kanpo. Gure Aitor horretan hasi zen; Iratiren kasuan, berriz, gurekin kontsultatu gabe hasi zen musika munduan.

Urte mordoa daramazu Hernanin irakasle. Ez al zaizu oraindik pazientzia amaitu?

Pazientzia ikasleek nirekin ere izan beharko dute! Aurtengoa azkeneko ikasturtea daukat. Hernanin 27-28 urte eman ditut eskola horretan; lehenago izaten ziren kultur etxean antolatu genuen eskola eta abar. Musikari batentzat eskola da ikasteko toki onena. Saiatu naiz ikasten, eta saiatzen naiz oraindik ere ikasten, ematen dudan eskola bakoitzean.

Tapiarekin bikote ona osatzen omen zenuen.

Ibili izan gara, eta oso ondo moldatu gara beti. Bera oso trebea da, eta nik proposatu izan diodan guztian oso ondo moldatu da. Eta beti ondo pasatu dugu elkarrekin, berdin agertoki batean, kale buelta batean edo Hernioko erromerian.

Amaia Zubiria abeslaria eta Anjel Larrañaga pandero jotzailea adin berekoak dituzu. Hirukote ederra izango litzateke…

Nik uste dut polita izan zitekeela, zaila ez litzateke izango!

Zuk berpiztu omen zenuen txalaparta, desagertzear zela.

Guk, guk. Gure aurrean musika berri bat agertu zen, baina ez bakarrik hotsagatik, baizik eta musika egiteko moduagatik, musika ulertzeko eragatik… Liluratuta geratu ginen. Guretzat txalaparta jotzea jolastea izaten zen. Txalaparta ezagutu nuenetik beste musikari mota bat naiz, beste modu batean jotzen dut, klarinetea edo txistua. Hori ezagutu eta bide egokiago bat, aberatsago bat hartzera eraman gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.