Herria, nekazari gune

Zaldiak dira Santa Lutziko ikurretako bat; biharko ferian, ordea, denetarik izango dute Zumarragan eta Urretxun

Bixente Merino
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
500 postu inguru eta 70.000 bisitari espero dituzte biharko, Santa Lutzi ferian. Ikusmin handia piztu du Zumarragan eta Urretxun ospatzen duten azoka horrek, eta bi udalek egitarau oparoa prestatu dute. Zaldien azoka izaten da feriako ikur nagusia, baina zaldi aziendaz gain, bestelako animalien feriek eta lehiaketek izango dute tarterik. Barazki, fruta, ezti, ardo eta oilasko eta kapoien lehiaketak egingo dituzte, eta azoketan ohikoak diren jaki eta produktuak erosteko aukera izango da. Bertsolari, aizkolari, harri-jasotzaile eta pilota partidek egitaraua borobilduko dute.

Zumarragako Urdaneta kalea pil-pilean izango da goizean goizetik. Bertan jarriko dute ganadu feria, eta tratulariak euren eskaintzak egiten hasiko dira. Zaldiak eta pottokak izaten dira nagusi salerosketa horietan. Hortik gertu, La Salle-Legazpi ikastetxean, nekazaritza tresna eta lanabesak ikusi ahal izango dira. Bestetik, Urretxuko Gernikako Arbola plazan zein Zumarragako Euskadi plazan barazki eta fruta erakusmahai ederrak jarriko dituzte.

Azoka guztietan izaten da herri kirol ikuskizunik. Aizkolariek eta harri-jasotzaileek euren tartea izango dute, Urretxuko Ederrena pilotalekuan.

Arrazen berreskuratzea

Zaldiak izaten dira Santa Lutzi ferian arreta gehien pizten dutenak. Euskal Herriko mendiko zaldia eta pottokak dira horren erakusle. Aspalditik zaldien salerosketak herri askotako tratuzaleak biltzen ditu Zumarragan eta Urretxun. Antolatzen dituzten lehiaketek, berriz, haziendaren kalitatea aztertzeko balio izaten dute. Zaldi, behor eta moxal ataletan antolatzen dituzte lehiaketak, eta horien araberako sailkapena egiten dute.

Santa Lutziko feria «pottokaren arrazaren berreskuratzean» egiten ari den lanaren erakustokia dela dio Gipuzkoako Pottoka Elkarteko koordinatzaile Mirari Intzak. Haren ustetan, lehiaketa hauen funtzioa pottokazaleei «sari bat ematea da. Izan ere, arraza hauetatik ez da inor bizi. Askok zaletasunagatik edo betidanik etxean ezagutu dituelako ditu pottokak». Saria ondo egindako lanaren aitortza izaten da.

Azken urteetan pottokaren arrazan garapen bat eman da. «Duela urte batzuetatik hona pottokaren ganaduzale batetik bestera desberdintasun nabariak zeuden. Gaur egun, berriz, kalitate handiko antzeko pottokak aurkezten dituzte», azaldu du Intzak.

Ferian ikusten diren pottoken artean, lehiaketan parte hartzen dutenak eta erakusteko daudenak bereizi behar dira. Lehiaketan bost zaldi, hamabi moxal eta hamahiru behor izango dira. «Lehiaketako pottokak salduz gero, bizirik mantentzeko baldintzarekin egiten da. Beste zaldi batzuk tratanteen bidez hiltegira eramaten dituzte, baina gure kasuan tratu bat egiten bada animalia bizirik mantentzekotan edo beste pottokazale bati saltzeko egiten da». Dena dela, Intzakgaineratu du pottokaren ezaugarriak ikusita ez dela egokia haragitarako: «Kalitate onekoa izan arren, ez da haragitarako hazten».



Santa Lutzi feriako egitaraua

08:00-14:00. Zaldien nahiz bestelako animalien feria eta sariketa, Zumarragako Urdaneta kaleko feria tokian.

08:00-14:00. Nekazaritza tresnen feria, Zumarragako La Salle ikastetxeko patioan.

09:00-14:00. Baserriko produktuen azoka berezia eta jakien hainbat lehiaketa, Urretxuko Gernikako Arbola plazan.

Oilasko eta kapoi lehiaketa, Kalebarren-Areizaga plazan, eta eskulanen erakusketa, Urretxuko Iparragirren eta Zumarragako Euskadi plazan.

09:00-16:30. Arabar Errioxako ardoa, Iparragirre plazan.

09:00. Urretxuko Txistulariak eta Iratzarri Dultzainari taldea.

09:00. Santa Lutzi Feriako XVIII. Argazki Rallya.

10:30-12:30. Secundino Esnaola eskolako trikitilari taldea.

11:30. Zumarragako Musika Bandak eta Antzinako Ama txistulari bandak.

12:30. Herri kirolak, Ederrenan.

13:30. Lehiaketetako sari banaketa, Kalebarren-Areizagan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.