Odei Barroso. Bertsolaria

«Herriak eginak eta herriarentzat, horrela ikusten ditut herriko bestak»

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urruñarra da berez, eta atzo bertsoa bota eta bestetatik itzuli bat egiteko baliatu da bisitaz. Igandean etortzekoa da gero, presoen aldeko bazkarira, urtero bezala.

Nola hartu duzu Baionako balkoitik bertsoa botatzeko kontua?

Kontent, galdegin didatelako, jakinik aitzineko urteetan ere egin dela. Nik segidan eman nuen baiezkoa, ez zela problemarik nire aldetik. Eta kontentago euskara balkoi horretan izan delako.

Justuki, zure ustez, zer inportantzia du bertso horrek ?

Bertsoa bera bainoago, nik uste, euskararen presentzia da beti onuragarri eta inportanta balkoi horretan, besten hasieran eta hainbeste jenderen aitzinean. Euskararen presentzia segurtatu behar da horrelako lekuetan. Eta horregatik da, nire ustez, ona bertso bat hor izatea memento horretan. Bestela non entzunen dute euskara? Hor den jende anitzek, akaso, ez du jakinen euskara zer den. Heldu dira Baionara Euskal Herria, Lapurdi eta euskara bera zer diren jakin gabe, eta bederen hor, entzunen dutelarik euskara zerbait, ba, galdera batzuk eginen dizkiote beren buruari.

Ikusiz Baionan euskararen presentzia ez dela handienetakoa, ez ote da, nonbait, aitzakia faltsu bat bertso hori?

Egia da horrekin ez dugula ezer konpontzen, dudarik gabe. Hori biziki argi dut, eta justuki, nik baiezkoa eman badut, momentu horretan ere, jende aitzinean nire eta nire ingurukoen mezua pasarazteko da. Eta ez bakarrik ulertzen ez dutenei pentsarazteko ulertzen ez dutela, baizik eta euskararen inguruan lanean ari direnei ere pixka bat pentsa dezaten zergatik egiten dituzten gauza batzuk eta ez besteak. Egia da bestetan zehar euskararen egoera biziki txarra dela, azkenean gure inguru hauetan gehienetan gertatzen den bezala, baina positibotzat daukat, halere, euskara agertzea hor. Nahiz eta beharbada aitzakia faltsu bat izan, beharbada pitta bat betetzeko izan, errateko zerbait egiten dutela euskararen alde.

Bestak oro har hartuz, zein litzateke zure besta ideala?

Baionan ere besta alternatiboak egiten dira. Hori da nik ere aldarrikatzen dudan besta eredua. Badakit besta ez dudala eginen herriko etxearen aitzinean. Herriak egina eta herriarentzat, eta ez Herriko Etxeak egina eta, gainera, kanpoko guztientzat. Horrela ikusten ditut herriko bestak, bai Baionan, bai Urruñan eta bai alde guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.