Laudio
Sorgina jaiaren erregina
Larunbatean iritsiko da Lezeagako sorgina Laudioko inauterietara (Araba). 19:30ean Lezeagako aldapatik jaitsiko da, eta sorginarekin batera hainbat talde helduko dira herrira. Ibilbideak irauten duen bitartean, joaldunen joareen zaratak, perkusio doinuak eta txaranga hotsak entzungo dira herriko kaleetan. Asteartean helduko da Lezeagako sorginari agur esateko ordua: herriko plazan erreko dute, 19:30ean.
Zalduondo
Agurra Markitosi
Markitosekin topo egingo du igandean Zalduondora (Araba) biltzen den edonork. Traje beltza eta gorbata soinean, goizean irtengo da kalera, 11:30ak aldera. Urtero bezala, asto baten gainean helduko da herrira hainbat lagunekin batera: ardiak, aitona-amonak, errauts jaurtitzailea eta porreroak izango ditu alboan. Herriko gaitzen erruduntzat jotzen dute Markitos, eta, horregatik, makila luze baten puntan ipiniko dute lehenik, herritar guztien bistara. Ondoren, pilotalekura eramango dute, predikatzailearen epaia entzun dezan: erruduna da. Sutara bota eta dantza egingo dute haren inguruan.
Markina-Xemein
Zahagia eta antzara
Zahagi dantzarekin ospatzen dituzte igandean aratusteak Markina-Xemeinen (Bizkaia). 12:00etan hasiko dute ibilbidea Goiko Portaletik, eta Zerutxuko dantzariekin batera, zahagi gizona, hartza, eta kokoxak joango dira. Hartzak jendeari jarraitu besterik ez du egiten; kokoxek, berriz, dantzariei eta zahagia daramanari laguntzen diete. 12:30ean, antzara jokoa antolatu dute, urteroko ohiturari jarraituz.
Mundaka
Atorrak eta laminak kantuan
Igande goizean atorrak eta laminak irtengo dira Mundakan (Bizkaia). Jose Maria Egileorren etxetik abiatu, eta abesten eta musika jotzen ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Atorrak zuriz jantzita doaz; laminak, berriz, beltzez, sorginen erara. Erreka kondeari gertatutakoa dago Mundakako festaren oinarrian: etxera mozkorra iritsi eta emaztea horretaz jabetu zenean, arropak azkar jantzi eta etxetik ihes egin zuen kondeak, oharkabean emaztearen azpiko gona jantzita. Hori dela-eta daramate atorrek bururdi azala buruan, eta gona, alkandora eta galtzak soinean.
Azpeitia
Jaiegun dotorea
Soineko eta trajez jantzita pasatzen dute igandea Azpeitian (Gipuzkoa). Elegante eguna da, eta 12:00etatik aurrera, herrian ibilbidea egingo dute, txikiteoan, euren dotorezia gainerakoei erakusten. Eguerdi aldean, sokamuturra antolatu dute ordu erdiz; ondoren, artzain eta inudeen kalejira izango da.
Tolosa
Etenik gabeko festa
Ostegun gizenetik asteartera bitarte ospatuko dituzte inauteriak tolosarrek. Gipuzkoako inauteri ezagunenetarikoak dira, baita Euskal Herrikoak ere. Ostegun eguerdian emango diote hasiera festari, Plaza Zaharreko balkoitik botako duten suziriarekin. Dena den, igandera arte ez dituzte mozorroak kalera aterako. 280 bat karrozak eta tolosarren koreografiek beteko dituzte kaleak igande, astelehen eta asteartean. Asteartita egunean, sardinaren hileta egingo dute, 23:30ean; horrekin, datorren urtera arte amaitu dituzte inauteriak.
Altsasu
Momotxorroak, herria hartzera
Asteartean ospatzen dituzte herri inauteriak Altsasun (Nafarroa). Momotxorroak dira horko pertsonaiak; erdi gizon, erdi zezen. Animalien odolarekin zikindutako alkandora zuriak soinean eta ardi larrua buruan, altsasuarrak beldurtzeko asmotan helduko dira herrira. Puska biltzea egingo dute goizean etxerik etxe, bazkaltzeko jan eta edana lortzeko; arratsaldean, berriz, ibilbide zehatzik gabe ibiliko dira kalean zehar. Ilunabarrean herriko plazan bilduko dira, momotxorroen dantza egiteko. Momotxorroekin batera, sorginak, Juantranposo, maskaritak eta akerra bilduko dira, besteak beste.
Goizueta
Ikazkinen inguruan dantzan
Ikazkinak eta makila-dantzariakirtengo dira Goizuetan (Nafarroa) astearte arratsaldean, zahagi dantza dantzatzera. Aurpegia beltzez eta zahagia bizkarrean, herriko nesken atzetik joango dira ikazkinak; ikazkinen atzetik, berriz, herriko mutilak ibiliko dira. Hori bera baita, hain zuzen, dantzaren jatorrian dagoena: ikazkin bat Goizuetara jaitsi omen zen menditik, herriko nesken bila. Hori ikusita, herriko gazteak haserretu eta ikazkinaren atzetik joan ziren makila eskuetan zutela.
Lantz
Miel Otxin eta kuadrilla
Pertsonaia ugari biltzen dira Lantzeko inauterietan (Nafarroa). Asteartea da egun handia, eta Miel Otxin, Ziripot, Zaldikoa, txatxoak eta ferratzaileak dira ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokako protagonistak. Miel Otxin lapurra harrapatzea izango dute helburu, baina bien bitartean, Zaldikok Ziripot gizon lodikotea lurrera botako du. Txatxoak eta ferratzaileak bien atzetik ibiliko dira, elkarri lagunduz. Miel Otxin harrapatu ondoren, sutara botako dute, eta Lantzeko zortzikoa dantzatuko dute festa amaitzeko.
Unanu
Erne mamuxarroekin
Mamuxarroak dira Unanuko inauterietako (Nafarroa) jaun ea hjabe. Asteartean aterako dira kalera euren ohiko jantziekin: arropa zuria, gerriko gorria edo beltza eta koloreetako zapiak daramatzate soinean. Aurpegian metalezko maskara bat dute; bizkar aldean, berriz, panpaxilak edo ezkilak eramaten dituzte. Eskuan daramaten makilarekin herritarrak mehatxatu eta jotzen saiatuko dira. Ezkilen hotsek inguruan dabiltzala salatzen badute ere, adi ibiltzea komeni da: mutua, ezkilik ez daraman mamuxarroa, bat-batean ager daiteke.
Uztaritze
Hartzaro jaialdia amaitzear
Otsailaren 25ean hasi zuten festa Uztaritzen (Lapurdi), Hartzaro jaialdiari hasiera eman ziotenean. Tradizioa eta sorkuntza artistikoa uztartzen dituzte festa horietan, eta, ohi bezala, asteartean ospatuko dute inauteri nagusia. 250 bat aktore, musikari eta dantzarik parte hartuko dute egun horretan. 18:00etan hasiko da zanpantzarren auzia, Hiribehere plazan, eta hartzaren iratzartzea eta abereen dantza ikusteko aukera egongo da. Ondoren, desfilea egingo dute Kale Nagusian. 19:00etan zanpantzarren auziarekin jarraituko dute Purguko plazan; zirtzilen dantza, abereena eta maia dantza egingo dituzte.