ETXAUZIA

Herriarentzako gaztelua

Baigorriko Etxauzia erosteko abian jarritako diru bilketa Euskal Herri osora zabaldu dute Nafartarren Etxea proiektuko kideek. Hiru milioi euro behar dituzte hura erosi eta erabilera publikoa eman ahal izateko. [Youtube]https://youtu.be/mK-XRfdMEJ8[/Youtube]

ainara arratibel gascon
2016ko maiatzaren 11
08:43
Entzun

Ilusioa aspalditik dute Baigorriko (Nafarroa Beherea) herritarrek. Bizpahiru ahalegin ere eginda zeuden aurretik, baina ez ziren aurrera atera. Dena den, ez zuten etsi. Jakitun daude oraingo honetan ere ez dela erraza izango, baina sinetsita daude aurrera aterako dela herriko gaztelua, Etxauzia, herritarren esku geratzeko proiektua. Erronka ez da makala, hiru milioi euro bildu behar baitituzte gaztelua erosteko eta ilusioa egia bihurtzeko. Hala, kalera aterako dute Interneten hasitako kanpaina, Euskal Herri osora zabaltzearekin batera. Kanpainaren leloan laburbiltzen da herritarrei eskatu dieten keinu txiki eta sinbolikoa: Euskaldun bat, euro bat. «Baikor gara, eta lortzeko itxaropenez gaude. Egitasmoak ilusio handia sortu du herritarren artean», azaldu du Filipe Bidartek. Nafartarren Etxeak bultzatu du egitasmoa, eta elkarte horretako kide da Bidart.

Duela urtebete jarri zuten abian dirua biltzeko kanpaina, eta aurrera doa, pixkanaka. «1.300 ekarpen jaso ditugu oraingoz, gehienak norbanakoek egindakoak», zehaztu du Kattalin Saint-Mariek, elkarteko dinamizatzaileak. Pozik daude orain arte jasotako erantzunarekin. «Kuraia eta indarra ematen digu aurrera jarraitzeko», esan du Bidartek. Bihar bertan kanpainaren aurkezpena egingo dute, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Bertan parte hartuko dute Antton Kurutxarri Historia irakasle eta Nafartarren Etxea elkarteko bozeramaileak eta Michel Oronos idazle eta Euskal Konfederazioko lehendakari ohiak. Gazteluaren historiaz eta hura erosteko egitasmoaren inguruan mintzatuko dira.

Horixe izango da datozen hilabeteetan gauzatu nahi duten dinamikaren abiapuntua. Benetako hordagoa jo nahi dute, «azeleragailua zapaldu», Bidarten hitzetan. «Erritmoa azkartu behar dugu. Euskaldunen arteko elkartasun hori presente egotea nahi dugu, sare bat osatu. Norbanakoak ez ezik, enpresak eta elkarteak ere erakarri nahi ditugu proiektura, haiek zama ekonomiko handiagoa har dezaketelako».

Izan ere, jakitun daude datozen hilabeteak erabakigarriak izango direla. Gazteluaren jabeek urrira arte eman diete erosteko lehentasuna. «Ordutik aurrera, salgai jarriko dute ofizialki, edozeinek erosteko moduan. Pentsatzen dugu salgai emanik ere ez dutela berehala salduko. Beraz, gero ere izango dugu epe bat. Baina lehen etapa hau erabakigarria da. Gero, egindako lana borobildu, eta gehienik urtebeteko epean erosia beharko genuke», aurreikusi du Saint-Mariek.

Horregatik erabaki dute kanpaina Internet eta sare sozialetatik kalera ateratzea eta Euskal Herri osora zabaltzea. Hala, dagoeneko Sarako Idazleen Biltzarrean eta Nafarroaren Egunean egon dira, eta uda honetan ere hainbat herri bisitatuko dituzte. «Diasporarekin eta diasporan lanean ari diren elkarte anitzekin ere baditugu hartu-emanak, batez ere Argentinan, Uruguain eta Ameriketako Estatu Batuetan. Prest dira proiektua ezagutarazten laguntzeko eta dirua biltzeko. Biziki inportantea da hori guretzat», azaldu du Bidartek.

Ekarpenak, berez, hiru modutara egin daitezke: elkartearen webgunean txartelarekin ordainduta, bankuko transferentzia baten bidez edo txeke bat igorrita elkartearen egoitzara. Horren inguruko xehetasun guztiak elkartearen webgunean aurki daitezke: www.etxauzia.org.

Biek berretsi dute egitasmoak ilusio handia eragin duela herritarren artean: «Askok badute harreman berezia Etxauziarekin aspalditik, eta anitzentzat beharrezkoa da herritarren eskuetan emaitea», azaldu du Kurutxarrik. Herriko etxearen babesa ere badute: «Herriko etxeko hautetsi batzuk elkartean dira».

Beste herri batzuetako laguntza ere jaso dute. «Ni urepeldarra naiz, eta niretzat beti izan da berezia Etxauzia. Sostenguz sartu naiz elkartean. Beharrezkoa da gaztelua herritarren esku uztea. Nire lana jabeekin izandako hartu-emanetan itzultzaile lanak egitea izan da», esan du Ani Etxeberri elkarteko kideak.

Jabeekiko harremanak

Berez, Miamin (Ameriketako Estatu Batuak) bizi den bikote bat da jauregiaren jabea: aznaritarrak. «Emaztearen arbaso urrunak Euskal Herrikoak dira. Elizondo inguruan [Nafarroa] eta Bilbon zituzten ahaideak. 70 bat urte dituzte», azaldu du Bidartek. 2003. urtean erosi zuten, 1990. urtean eraberritua izan ostean. «Adinean aurrera doaz, eta hona etortzeko bidaia nekagarria egiten zaie. Udan bakarrik etortzen dira», azaldu du. Hala, urte osoan itxita egoten da eraikina. «Tartean behin baino ez dute zabaltzen: garbiketaren bat egiteko eta ikastolaren egunean».

2014. urtean izan zuten lehen harremana haiekin. «Baigorri biziki maite zutela esan ziguten, eta lehentasuna eman nahi zigutela herritarrei harekin zerbait egiteko», azaldu du Kurutxarrik. Hala sortu zuten proiektua. 1990eko hamarkadan eraberritu zutenetik, ostatu moduan erabiltzen zen; luxuzko ostatu izendapena ere bazuen. «Baina jabeak hain urruti egonda, ezin zuen kudeatu, eta beraientzat geratzea erabaki zuten», kontatu du Saint-Mariek.

Erostea lortuz gero, gaztelua Nafartarren Etxe bihurtuko dute. «Gure xedea da gaztelua jendeari zabaltzea. Leku ireki bat bihurtu nahi dugu, kanpoko bisitarientzat, baina baita bertakoentzat ere. Izan ere, bai Baigorriko bai inguruko herrietako bizilagun askorentzat gaztelua ezezaguna da», berretsi du Kurutxarrik.

Hala, lau erabilera eman nahi dizkiote. Batetik, Kurutxarrik azaldu duenez, liburutegi txiki bat jarri nahi dute bertan. «Baigorrin ez da egiazko liburutegi bat». Bestetik, interpretazio gune bat egiteko proiektua dute. «Gure iragana eta ondarea azaltzeko gune bat izatea nahi dugu. Ez iragana kontatzeko, baizik eta ulertzeko oraingo Baigorri, Baxenabarre... Historiaurrera joanez, gazteluaren edo jauregiaren inguruan badirelako trikuharriak, harrespilak...».

Diasporarekin lotura egiteko gune bat abiatzea ere badute buruan. «Badira elkarte batzuk gure inguruan diasporarekin eta diasporarentzat lanean ari direnak. Baina ez dago lekurik diasporako jendea errezibitzeko, eta Etxauzia horien bilgune izatea nahiko genuke», nabarmendu du Bidartek. Azken erabilera ekonomikoa litzateke. «Etxauzia sor-marka bat izatea nahi dugu, inguruko enpresak laguntzeko eta biltzeko. Haien arteko harremanak sendotu eta tokiko ekonomia sustatzeko», argitu du Kurutxarrik.

Eraikin historiko izendapena du. Izendapen hori jaso ahal izateko arkitektoek txosten bat egin zuten. Bertan jaso dutenez, egungo eraikinean dagoen pareta luze eta zaharrena XII. mendekoa da. Dena den, XVII. eta XIX. mendean Etxauzia familiaren zuhaitz genealogikoa egin zuten bi historialarik. Etxauzia familia izan zen gazteluko lehen jabea, eta familia horren lehen arrastoak XI. mende hasieran kokatu zituzten. «Antso Handia Iruñeko erregeak familia bat izendatu zuen Baigorriko jaunak izateko eta ibarra zaintzeko: Etxauzia. Zaintza hori gaztelutik egiten zen».

Beraz, gutxienez 900 urteko historia du gazteluak. Baina bi aldiz eraberritu zuten. Berrikuntza garrantzitsuena XVI. mende amaieran egin zuten: «Nafarroako Konkista izan zen, eta ziurrenik hor suntsitua izan zen. Horregatik eraberritu zuten. Egun duen itxura ordukoa da». Bestalde, gerora erlijio gudak izan ziren nagusi. «Etxauzia familia katolikoen alde agertu zen, eta protestanteen kontra. Erregina protestantea zen, eta historialari batzuek diote hor errea izan zela eta ondotik berreraiki zutela».

XVII. mende hasieran Lapurdiko sorgin auziak gertatzen ari ziren, eta Etxauziako jauntxoaren anaiak, Beltranek, auziak geratu eta Baionako apezpiku bihurtu zen. Gerora, artzapezpiku izan zen Tours hirian. «Luis XIII.aren apaiz aholkulari izan zen, eta sutsuki defendatu zuen katolizismoa». Etxauzia familiaren eta gazteluaren urrezko garaia zen. «Familia ttipia izan arren, handinahi izugarriak zituzten. Frantziako handikiak bezala nahi zuten bizi. Baina herritarrek errefusatu egiten dute nahi hori, eta Etxauziako anderea konfrontazioan sartzen da biztanleekin». Pixkanaka, Etxauzia familiaren gainbehera eta bururatzea hasi zen. «Harispe-Maritxalar familiak eskuratu zuen gaztelua».

1848an jauregia Abadiatarren familiak erosi zuen, Charles buru zela. «Eragin handia izan zuen Baigorrin. Hark eskaini zuen Pilota plaza egiteko lurra, baita eliza ondoko eskola eraikitzeko dirua eman ere».

XX. mendearen erdialdera arte egon zen han familia hori. «Baina II. Mundu Gerrak haustura ekarri zuen. Alemanek hartu zuten gaztelua, eta hautatu zuten gaztelua inguruak zaintzeko gune bat bezala». Handik aurrera garai zailak izan ditu gazteluak: «Saldu egin zuten berriz, eta barruan zegoena hustu».

Gain behera hasi zen orduan jauregia, 1989an eraikin historiko izendatu zuten arte. Horrek erakargarri egin zuen berriro ere eraikina, eta 1994an, Baionako bikote batek erosi zuen: Perne senar-emazteek, hain zuzen. «Erosi, eta guztiz eraberritu zuten, baita egun dauden antzinako altzariak jarri ere». Hala ostatu gisa funtzionatu zuen, 2003. urtean Aznari familiak erosi arte.

Ekarpenak egiteko informazioa eta bideak topatzeko: www.etxauzia.orgetawww.euskaldunbateurobat.com

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.