Otxomaioak Urduñan

Herriarentzat lanean arituak jaien hasieran

Urduñako Gazte Asanbladak hogei urte bete ditu, eta pregoilariak izango dira. Txupinera Aintzane Okeranza izango da, udal lorategiak borondatez zaintzen dituena

Urduñako jaietako erdigune bihurtu ohi da Foru plaza. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Aurtengo otxomaioetan kontuan hartu dira herritarren alde lan egin duten pertsonak». Beñat Aginako Urduñako Gazte Asanbladako kidea da, eta aurten hogei urte bete dituztenean herriko jaietako txupinazoan udaletxeko balkoian arituko dira pregoia irakurtzen. Eurekin batera egongo da Aintzane Okeranza txupinera lanetan, Urduñan (Bizkaia) ezaguna den herritar bat. Izan ere, udal lorategien zaintzan aritzen da, borondatez, Mari Paz Robinaren laguntzarekin. «Herriko jende asko berarekin ados eta gustura dago», azaldu du. Horregatik uste du Aginakok herriaren alde lan egiten dutenak saritu direla aurtengo otxomaioen txupinazoan. «Sari polita da halako auzolan proiektuak bultzatzeko». Horregatik uste du berezia izango dela aurtengo jaien hasiera.

Gazte asanbladako kideek gustura hartu zuten izendapenaren berri, aurtengoa urte berezia delako eurentzat. Urteurren borobila dute, eta herritarrek proposatu eta bozkatuta aukeratu dute jaietako pregoilari izateko. «Esan digute jende askok eman digula botoa, eta, horregatik, pozik gaude; ohore bat da jaietako pregoilari izatea, eta are gehiago eurek aukeratu bazaituzte». Urte osoanekitaldi ugari antolatzen baitituzte, eta horrek luzera begira eragina duela uste du asanbladako kideak.

Esaterako, Gazte Eguna antolatzen dute urtero Aste Santua baino bi aste lehenago. «Herriko eragile gehienekin batera antolatzen dugu, San Joan gauean ere akelarrea egiten dugu, eta, azken urteetan, jende asko agertzen ari da; horrelako gauzek asko laguntzen dute ostera herritarrek kontuan hartzeko gazte asanblada». Horregatik pozik daudela dio, ezeren gainetik herriko eragile gehienekin harreman ona dutelako, eta hori da garrantzitsuena harentzat.

Baina jaietan ere antolatu ohi dituzte euren ekitaldi propioak. Aurten kontzerturik ez dute antolatu, «aurtengo egitaraua nahiko beteta datorrelako». Ez zuten aukerarik ikusten udalarekin topo egin barik zuzeneko emanaldiak antolatzeko. Baina jaietako bigarren ostiralean kuadrillen afaria egin ohi dute, eta horrek herritarren parte hartze handia izaten duela nabarmendu du Aginakok. «Urte batzuetatik hona jende ugari biltzen du».

Ekinbide horiekin guztiekin, jai herrikoiak sustatu nahi dituztela azaldu du, herritarrek festetan parte har dezaten, azken finean. Eta horixe bera nabarmenduko dute udaletxeko balkoitik irakurriko duten pregoian nabarmenduko dutena: «Eskerrak emateko baliatuko dugu pregoia, hogei urteko lanak bere fruituak eman dituela adierazteko; eta horrekin batera gonbita egin nahi diegu gazteei, eurena senti dezaten asanblada bera». Jaiak herritik eta herriarentzat antola ditzaten.

Behin pregoia irakurrita eta suziria piztuta, jaia hasiko da Urduñan, eta hilaren 13ra arte zer goza eta zer dantza egongo da. Bi asteburu iraungo dute jaiek, eta kanpotar ugariren bisita espero dute Urduñan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.