Euskal Herriko herrietako memoria historikoa biltzeko asmoz, bizileku horietako hainbat adintsu kamera aurrean hizketan jarri ditu Metroo sare sozialak. Horrela Ni euskalduna bideobloga sortu du. Blog horretan herrietako historia ez eze, istorio eta pasadizo bitxi ugari ere kontatzen dute adinean aurrera doazen gizon eta emakumeek. Denak euskaraz ari dira.
1936ko gerra nola jazo zen herrian; igandeetan nola ibiltzen ziren neskatan edo mutiletan; edota zuten astialdia zertan igarotzen zuten kontatzen dute Ni euskalduna bideoblogean pertsona adintsuak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako laguntzarekin sortu du egitasmoa Bilboko Alianzo enpresak Metroo.es webgunearen bidez. Euskal Herriko herrietako memoria historikoa biltzea helburu duen bideobloga da Ni euskalduna, eta www.nieuskalduna.metroo.es helbidean bisita daiteke. «Bizi diren herrietako historia eta istorioakkontatzen dituzte helduek. Nork azalduko ditu, eurak baino hobeto, herriko historia eta gertatutako istorioak», dio Susana Martin egitasmoaren arduradunetako batek.
Baina herrietako historia ez eze, herri bakoitzeko hizkera ere jaso nahi du egitasmoak. «Gure herrien memoria gorde nahi da, baina baita euskalki eta hizkera desberdinak ere».
Bideoblogean ageri diren testigantzak biltzeko lana joan den irailean hasi zuen Martinek. Berak egiten ditu bideo grabazioak, eta sarean jarri aurreko edizio lanak ere. Orain arte, herrietako zahar etxeetara deituz, edo ezagunen bidez jartzen ziren harremanetan herrietako jende helduarekin. Baina egitasmoa ezagun egin ahala, udal batzuk enpresarekin harremanetan jarri dira bideoblogean parte hartzeko.
Herrialde guztietara zabaldu
Orain arte bideoblogean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako herrietako lekukoak bakarrik sartu dituzte. Bizkaiko Berriz, Fruiz, Iurreta, Sukarrieta eta Dima herrietako lekukoak bildu dituzte; Gipuzkoako Hernani, Mendaro, Urnieta, Zegama eta Zumarraga herrietakoak;eta Arabako bakarra, Legutiokoa. Beste herri batzuetako grabazioak, (Bakio, Plentzia eta Hondarribia), kasu, aurki sartuko dituzte. Hiztunak 65 urtez gorakoa izan behar du, eta herrian sortua, edo han urte askoan bizia. Batzuetan hitz egiteko prest dauden euskal hiztunak aurkitzea ere zaila dela dio Martinek. «Kamera aurrean hitz egin nahi duten lagunak aurkitzea zaila da. Batzuek ez dute nahi izaten».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herriekin bakarrik hasi diren arren, proiektua zabalagoa da, eta Nafarroara eta Ipar Euskal Herriko herrietara ere iritsiko da. «Herri asko ditugu egiteko. Hasi besterik ez gara egin». Baina Euskal Herriko mugak gainditu, eta euskal hiztunen bila diasporara joatea ere buruan dute. «Ameriketan dauden euskal etxeetara deitu, eta han ere kamerarekin elkarrizketak egitea pentsatzen ari gara. Haien bizipenak eta kontakizunak hemengoen ezberdinak izango dira», dio Martinek.
Herrien memoria gordez
Jende heldua hizketan jarri du Metroo sare sozialak, eta Euskal Herriko hainbat herritako historia eta istorioak biltzen dituen 'Ni euskalduna' bideobloga sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu