Orain dela 700 urte sortu zen Etxarri Aranatz, eta orain dela 500 urte konkistatu zuten gaztelarrek Nafarroa. Oso lotuta daude bi gertakariak. Horregatik, Nafarroako eta Etxarri Aranazko memoria historikoa defendatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde egiteko sortu zuten iaz Etxarri 2012 taldea. Egindako lana omentzeko, suziria botatzeko aukera eman die udalak aurten taldeko partaideei. Bertako kide da Manu Gomez (Etxarri Aranatz, 1977). Hark eta gainontzeko taldekideek bota zuten, atzo, herriko festetako txupinazoa.
Nola sortu zen Etxarri 2012?
Nafarroaren eguna —abenduaren 3a— baino hiru hilabete lehenago, herritar batzuk hasi ginen 2012ari buruz hizketan. Bi gertakari nagusiren mendeurrenak ziren: 1312an, Etxarri herria sortu zen, eta 1512an, Nafarroa konkistatu zuten. Iruditzen zaigu gogora ekartzeko moduko datak direla.
Zergatik lotu dituzue bi gertakariak?
Memoria historikoarekin lotuta daudelako biak, gure historiaren zati direlako. Hain zuzen ere, memoria historikoa oroitaraztea da taldearen lehen helburua. Bigarrena da erabakitzeko eskubidearen alde egitea. Helburuek ere lotura estua dute; historiak irakasten digu zer izan ginen eta zer garen, eta horrek azalarazten du erabakitzeko eskubidea izan behar dugula.
Memoria historikoa etengabe errepikatzen den kontzeptua da. Zergatik da horren garrantzitsua?
Irabazleek kontatzen dute historia, eta herri baten gertaera historikoak ahaztu egiten ditugu sarritan. Memoria historikoaren bidez orduko herritarren ikuspegia islatu nahi dugu. Herriko historiaren beste bertsio bat kontatu nahi diegu etxarriarrei.
Aurten, festetako txupinazoa botatzea egokitu zaizue. Udalak zuen lanari egindako aitortza gisa har daiteke suziria botatzeko aukera.
Herri mailako dinamika sustatzen ari da udala. Ez du nahi txupinazoa pertsona bakar batek botatzea. Gauza herrikoia izatea nahi du. Hori dela-eta egokitu zaigu guri. Etxarri 2012 taldean lanean ibili diren pertsonek eta taldeek bota genuen, denen artean. Kolektibotasun hori azpimarratu nahi dugu.
Etxarri 2012 izena du zuen taldeak, urtea azpimarratuta. Etorkizunean ere lanean jarraituko duzue, urtemugatik harago?
Uste dugu oso dinamika polita dela herrian sortu dena. Hurrengo urtean ere lanean jarraituko dugu.
Zer edo zer gehiago antolatu duzue aurrera begira?
Bai. Urriaren 5erako, herriaren sorrerari buruzko herri antzerkia antolatu dugu. Jada ehun bat lagun ari dira lanean antzerkia prestatzeko. Ekitaldiz betea dugu urtea.
Manu Gomez. Etxarri 2012 taldeko kidea
«Herriko historiaren beste bertsio bat kontatu nahi diegu etxarriarrei»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu