Jira eta bira, dantzan edo kantuan: dozenaka modutan ibili ahalko dira burlatarrak herrian gaur hasi eta igandean bukatuko diren festetan. Jaiak hasteko, 12:00etan txupinazoa botako dute Larrañeta plazatik. Orduan, zapi gorria jantziko dute herritarrek, eta parrandarako beta izango da. Suziria lehertu ondoan, herri txistorrada izango dute Pufo plazan. Eta gero, 13:00etan, preso eta iheslarien aldeko topa egingo dute elizako plazan. Ondoren, tripa bete nahi duenarentzat hainbat aukera egongo dira: presoen aldeko bazkaria antolatu dute txosnetan, eta herri bazkariak egingo dituzte Aldaben eta Karrikagoitin. Arratsaldean, meza izango da, eta, salbeari erantzuteko asmoz, herri egitarauan Salbeaz paso egiten dugu kalejira antolatu dute. Gauean, kontzertuek hartuko dute herria. Txarantukada taldeak kale zein txokoak perkusio doinuz beteko ditu, eta Gazte gunean Governosek joko du.
Musikak hartutako egunak
Musikarekin amaituko da lehen eguna, eta bigarrena ere musikarekin hasiko da. Bihar denetarik egongo da Burlatan; ekitaldiz betetako eguna izango da. Egunsentiko Kantariak taldeak esnatuko ditu herritarrak, 07:30ean. Era horretan hasiko dute eguna. Aurten, haurrentzat egitarau oparoa antolatu dute: haurrentzako parke bat egongo da egun osoan; 17:00etarako, Euskal Herria peñan, umeentzako festa antolatu dute, DJ, mozorro eta askariarekin; eta 19:00etan Oreka Zirkus taldeak ikuskizuna eskainiko du. Baina eguna ez da izango soilik haurrena: helduek ere izango dute zer egina. 20:30ean, garagardo eta saltxitxa festa antolatuko dute Euskal Herria peñan, eta gauean kolesterol afaria izango dute Axularren. Eguna amaitzeko musika egongo da presente; Alto Voltaje eta Tributo Queens taldeek rockzaleen musika gosea aseko dute.
Asteazkenean, musika bai, baina jana izango da izarra, kalderete lehiaketaren eguna baita. 11:00etan joango dira parte hartzaileak Zumardiraino, eta orduantxe hasiko dira bazkaria prestatzen. Gero, dastatzea hasiko da, kalderete onena zein den erabakitzeko. Festazaleek asteazkenean ere badute hamaika ikuskizun; 18:30ean, poteoa egingo dute herriko plaza eta kaleetan, eta 20:00etan, karaokea hasiko da. Gauean, heavy gaua ospatuko dute Euskal Herria peñan. Igandera arte jarraituko dute festek. Tartean, burlatarrek dantzarako eta kanturako aukera asko izango dituzte.
Herriko kaleetan bueltaka
Gaur hasi eta igandera arte iraungo dute Burlatako festek, eta sei egunez ez da haur, gazte eta helduentzako ekitaldirik faltakoAurten ere bi egitarau izango dituzte jaietan; udalarena eta herri eragileena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu