80ko hamarkadaren hasieran ekin zion lanari komunikazio alternatiboan, Madrilgo Vallecas auzoan. Radio Vallekasen urte luzez aritu da ordutik Mariano Sanchez (Madril, 1955). AMARC Europako presidente karguan, beste bi urterako hautatuko dute hemendik egun batzuetara, Dublingo batzar orokorrean.
Zer lan egiten du gaur egun AMARC Europa elkarteak?
AMARC Europa mugimendu global baten parte da, nazioarteko AMARC elkartearena (Munduko Irrati Komunitarioen Elkartea). Eremu geografiko eta kontinente ugaritan banatzen da. Europan indarra jarri nahi dugu komunikazioari dagokion eskubideetan. Irratiek, bakoitzak bere aldetik, ezin dute hori egin. Bestalde, legeek eragina dute gure irratietan. Eta lege horiek aldatzeko lanean aritzen da AMARC. Komunikazioaren eskubidea eskatu beharra daukagu. Eskubide funtsezkoa da hori. Elkarteko bazkideen arteko esperientzia trukean ere indarrak jartzen ditu gure elkarteak. Teknologia berriei dagozkien esperientziak trukatzea ere aberasgarria da irrationtzat.
Emakumeen alorrean ere lan egiten duzue, ezta?
Bai, hain zuzen ere, emakumeen sarea da gure elkartearen beste alor garrantzitsu bat. Emakumeen eskabideak aintzat hartu behar dira, eta haien ahotsa izan behar dute komunikabideetan.
Hiru aste barru AMARC Europako batzarra egingo duzue Dublinen. Zenbat ordezkari bilduko zarete?
Ez daude Europako herrialde guztiak ordezkatuak, baina aniztasuna handia da. 60 ordezkaritik gora egongo dira Dublinen. Ekialdeko Europa ordezkatua egon dadin ahalegina egin dugu. Ekialdeko herrialdeetan gero eta irrati komunitario gehiago ari dira sortzen.
Zer garrantzi du irrati komunitarioek gizartean egiten duten lanak?
Batzuek esan izan digute irrati bat ez dagoen lekuan berri bat sortu behar dela. Agian, gaur egun irratiaz bakarrik hitz egin beharrean, komunikabide komunitarioei buruz aritu behar dugu. Teknologia berriekin blogak eta beste hainbat hedabide digital daudelako. Herritarrek berenak egin behar dituzte komunikabideak. Ezin dira enpresen eta estatuen ghetto izan. Komunikatzeko eta komunikabideak kudeatzeko eskubidea dute herritarrek.
Lege arloak kezka sortzen du hainbat proiektutan. Espainiako estatuan nola dago lege afera?
Madrilgo legebiltzarrak 2010eko martxoan Ikus-entzunezko Lege Orokorra onartu zuen. Pauso bat ematen du hedabide komunitarioen aitorpenean, komunikazioaren hirugarren sektorea aintzat hartzen baitu. Baina Espainiako Gobernua ez da ulertzen ari irrati komunitarioen funtzioa zein den, legearen garapenean arazoak jartzen ari baitira. Etsai gisa ikusten gaituzte, eta kontzeptu hori hutsegite larria da. Irratikomunitarioen mugimenduak lanean jarraitzen du borroka honetan.
Hainbat herrialdetako ordezkariak bildu zarete aste honetan Euskal Herrian. Zer atera daiteke modu honetako foroetatik?
Oso garrantzitsua da irratiak biltzea eta praktika onetatik ikastea. Kasu honetan, eremu urriko hizkuntzan sakontzen ari da Antxeta irratia. Hizkuntza batek bere atzean kultura eta historia bat du, eta irrati komunitarioek bozgorailua jarri behar diote.
Teknologia berriek zertan alda dezakete irrati komunitarioen mundua?
Aldaketa ekarri dute jada. Irrati komunitarioak bizkor mugitu dira, teknologia berentzat hartu dute. Software librearen aldeko apustua egin dute. Gaur egun denok gara multimedia, ordenadorean dena kabitzen zaigu. Hori modu positiboan erabili behar dugu, herritarrek komunikabideetan sarbidea izan dezaten. Bestalde, tokiko arazoak askotan globalak dira, eta oso ondo dago Internet bidez entzuleek leku askotako irratiak entzutea.
Komunikazioa. Mariano Sanchez. AMARC Europako presidentea
«Herritarrek komunikabideak kudeatzeko eskubidea dute»
Antxeta irratiak antolatutako Europako Irrati Komunitarioen I. Foroan parte hartu du aste honetan Mariano Sanchezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu