Santaluziak Urretxu-Zumarragan

Herritarren eta ekoizleen topagune

Guztira, 393 postu egongo dira gaur Urretxuko eta Zumarragako Santa Luzia azokan. Ekintza anitz egingo dituzte; idi proben finala, adibidez

Santa Luzia azokako irudi bat, duela bi urte. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Egutegian gorriz marrazturiko egun horietako bat da Santa Luzia eguna zumarragarrentzat eta urretxuarrentzat. Egunaren izen berbera duen azoka ospatzen dute Zumarragan eta Urretxun (Gipuzkoa) abenduaren 13an: Santa Luzia azoka. Mikel Serrano Zumarragako alkateak dioenez, «neguko azoken artean lehenaizaten da, neguko azoken aldiari atea irekitzen diona».

Guztira, 393 postu egongo dira aurtengo azokan; horietatik 258 Zumarragan, eta gainerako 135 postuak Urretxun. Abeltzain eta nekazarien artean ospe ona duen azoka da: «Bertako produktuen eta lehen sektoreko produktuen aldeko apustua egiten du». Hala, topagune garrantzitsua izan ohi da ekoizleentzat eta erosleentzat. Serranoren arabera, «erreferente bat izaten da, lehen feria izanik, gustura etortzen da jendea, etaerostera etortzen direnek ere begi onez ikusten dute». Alkatearen esanetan, «giro aparta» sortzen da, eta, garai batean ez bezala, produktu guztiak bertatik bertara ikusi, ukitu, ezagutu eta dastatu egin daitezke.

Egitarau zabala antolatu dute aurtengorako ere. Horien artean daude urtez urte sona hartuz joan diren sariketa ugari: adibidez, abere azokaren sariketa; Errezil Sagar, fruta eta barazki sariketa; edota oilasko eta kapoi sariketa. Horiez gain, baina, egongo da bestelako jarduera eta ekitaldirik. Zaldi aziendari egin dio erreferentzia alkateak: «Abeltzaintza apustu garrantzitsua da azokan, batez ere, zaldien inguruan. Leiho hori indartu dugu; izan ere, beste azoka batzuek ez dute egiten abereen erakusleiho izateko horrelako apusturik. Guk sariketak egiten ditugu, eta, era horretan, balioa ematen diogu».

Arrakasta duten ekintzetako bat da zaldien erakusketa, baina artisautza postuek ere jende ugari erakartzen dutela nabarmendu du Serranok: «Plazako postuek ere arrakasta izaten dute. Horiek erlazio zuzena dute lehenengo sektorearekin, baina sariketetan egoten diren fruitu, sagar, barazki eta bestelakoek ere arrakasta izan ohi dute. Halaber, gorakada izan dute artisautza postuek».

Azoka bat baino gehiago

Lehen sektoreko produktuez, abereez eta sariketez gain, ekintza ugari antolatu dituzte egunean osoan. Zaldien ibilaldiak, adibidez, ohiko ekintza bilakatu direla esan du alkateak. Horrez gain, herri kirolak edota pilota partidak ere egingo dituzte, eta aizkolarien eta harri-jasotzaileen erakustaldiak ere ez dira faltako. 18:00etan, esaterako, idi proben finala egingo dute.

Erdi Aroan du jatorria Santa Luzia azokak, Serranok adierazi duenez: «Ezkion sortu zen, baina XVIII. mendean, azpiegitura falta zela eta, Urretxu aldera bideratu zen. XVIII. mendetik hona, bi udalen artean antolatu dugu, eta bi herrien arteko erlazio horretan mugarri garrantzitsua izan zen». Hala, «bi herriak bateratzen gaituen azoka» moduan definitu du alkateak Santa Luzia azoka: «Urretxuarra edo zumarragarra izan, egun handia da denontzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.