Traiziorik mingarriena egin dizuen lagunak merezi al du barkatzerik? Eta bizitzaren azkenetan dela jakinez gero? Galdera horiek taulara eramango ditu gaur Txalo konpainiak, Hil arte bizi antzezlanean. Tom Sharperen lanean oinarrituriko pieza bat da, eta giza harremanen lepotik barre egitea du helburu, gupidarik gabe barre egitea, hain zuzen ere.
Iker Galarza, Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreak arituko dira Sharperen karikatura errealistegiak antzezten. Betiko lagunak izango zirela uste zuen hirukote baten istorioa da. Giza harremanak, lagunen artekoak, bikoteak... Sharpe ez da krudelakrudel izateagatik. Haurtzaro gogorra izan zuen, eta preso izan zuten Hegoafrikan, apartheid-aren aurka idazteagatik.
Galartza aktoreak dioenez, lanak ikusle asko erakartzen ditu: «Antzokiak bete egiten dira; jendeak berriro ere ikusten du. Euskarazko antzerki obra bat, horrelako dekoratuekin, aktore euskaldunekin...». Urtarrilean hasi ziren antzezten, eta urte amaierarako 90 emanaldi inguru egitea espero dute.Javier Veigak Sharperen lanaz egindako moldaketa erabiltzen dute, baina, Begoña Bilbao zuzendariaren eta aktoreen artean, moldaketa moldatu behar izan dute, Euskal Herrira egokitzeko; protagonistek, gaztaro galdua gogoratzeko, Gozategirekin egiten baitute dantza.
'HIL ARTE BIZI'
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Arriola antzokian, Elorrion (Bizkaia).
Hil eta bizi, ezin biak bereizi
Tom Sharperen umore zorrotzaren adibide 'Hil arte bizi' antzezlana taularatuko dute gaur Elorrion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu