Tomas Perez iruindarrak 30 urte ditu, eta lorezaina da. Iruñeko lorategien eta berdeguneen zaintze eta mantentze lanez arduratzen den bi enpresetako batean lan egiten du: Ciclo Medio Ambiente-Tecnigral lantegian. Hamar urte daramatza lan horretan. Azken hilabeteetan kezkatuta daude oso lantokian, lorategien eta berdeguneak mantentzeko kontratu aldaketaren zain daudelako. Ez dakite zein enpresak hartuko duen kontratu berria eta zer gertatuko den haiekin. Krisia dela eta, Iruñeko Udalak lorategien eta berdeguneen zaintze eta mantentze lanetarako aurrekontua %20 murriztu du. Horrek langile murrizketa ekarriko duela ziur da Perez. «Egun 48 lagun gaude lanean, eta murrizketak ezartzen badira, bederatzi-edo kalera joanen dira». Udalaren neurriak ez duela zentzurik arrazoitu du. «Hiriburua handitzen eta zabaltzen ari da, eta gero eta berdegune gehiago daude. Gero eta lan gehiago dugun arren, aurrekontua murriztu egiten digute. Ez gara lanak bukatzera iristen. Ez du zentzurik».
Hamazazpi eguneko enplegu erregulazioan egon dira, eta murrizketak salatzeko protestak egin dituzte, baina alferrik. Oraindik ez dakite zein enpresak hartuko duen lorategien kontratua. Izan ere, hark lan egiten duen enpresak ez du lehiaketan parte hartu, eta lehiaketan irabazle ateratzen den enpresara pasatuko lirateke bera eta bere lankideak. «Etorkizun zaila dugu. Oraindik ez dakigu zein enpresarentzat lan eginen dugun, eta lan erreforma berriarekin edonola zaude kalean. Edonori toka dakiguke, berdin dio langile finkoa izan ala ez», dio kezkatuta.
Egun hauetan jakinen da enpresaren izena, baina lorezainen artean kezka da nagusi. «Ez dakigu iritsi diren azkenak botako dituzten edo antzinatasuna eta kategoriak dituztenak». Eguneroko bizitzari aurre egitea zaila dela dio Perezek. Mila euroko soldata du, eta ahal duen bezala bizi da. Bakarrik bizi da Txantrea auzoan eta hipoteka ordaindu behar du. Larri ibiltzen da hilabete bukaerara iristeko. «Hilabete erdira iristen zara, eta jateko dirurik ez dudanean aitaren edo arrebaren etxera joaten naiz otorduak egitera. Hilabete bukaerara iristea ezinezkoa da, ez dira kontuak ateratzen», dio etsita.
Tomas Perez. Lorezaina
«Hilabete bukaerara iristea ezinezkoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu