Termometroek behera egiten dutenean, izotzari eta elurrari aurre egin behar izaten diete hiri gehienek.Errepide eta espaloiak ahalik eta garbien egon daitezen, baliabide ugari erabiltzen dituzte han eta hemen. Araban, esaterako, eskarmentu handia dute zeregin horretan. Negu giroa latz-latza izaten da herrialdean, elurra eta izotza erruz egiten duelako, eta, horregatik, negua iristerako, Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak bitarteko ugari prest izaten dituzte. Negu honetarako, Gasteizen 22 hondeamakina txiki, elurra kentzeko bost makina eta nekazaritza eremurako hamar traktore dituzte prest, eta Araba osorako, 33 kamioi (horietako 26k gatza barreiatzeko tobera dute) eta 75 traktore banatu dituzte kuadriletan.
Horrekin batera, milaka litro gatzun eta hainbat tona gatz ere erabiliko dira. Araban, zazpi gatz biltegi daude, Gasteizen, Araian, Altuben, Agurainen eta Egiletan banaturik. Gasteizko biltegia suhiltzaileen parkean dago, Agirrelandan: han, 62.000 litro gatzun eta 500 tona gatz dauzkate gordeta. Araba osorako, berriz, 2.200 tona gatz eta 90.000 litro gatzun dauzkate gainerako biltegietan.
Uraren eta gatzaren nahasketatik sortutako ur gazia da gatzuna. Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia gatzaren ordezko gisa erabiltzen hasi dira elurra eta izozteei aurre egiteko, ingurumenari kalte gutxiago egiten diolako. Izan ere, gatzak uraren gazitasuna areagotu egiten du, eta, ondorioz, lurrean sodio kopurua handitu eta lorategiei edo laborantza lurrei kalte egiten die.
Gasteizen erabiliko den gatzuna Mirandako enpresa batetik ekartzen dute. Gatza, berriz, Zaragozatik. Gatzuna bi biltegi erraldoitan gordeta daukate, eta ez du mantentze lan berezirik behar, Iñaki Vadillo Gasteizko suhiltzaileen inspektoreordeak jakinarazi duenez. Duela aste batzuk lehen elurtea izan zen Araban, eta gatzuna errepide eta espaloietan erabili zuten aurreneko aldiz. Neguak aurrera egin ahala gatzun eta gatz gehiago eskatu beharkodutela dio.
Izan ere, iazko elurteek sortutako arazorik ez izateko, udalak gatz zakuak banatu ditu gizarte etxeetan, dendari eta auzokoek dagokien espaloi zatia garbitu dezaten. Vadillok uste du gatza «neurri gabe» erabiltzen dela hirian eta ezinbestekoa dela jendeak elurrarekin bizitzen ikastea: «Elurra betidanik egon da Gasteizen, eta garai batean ez zen gatzik botatzen. Kaletik ibiltzea zailagoa zenez, jendea etxetik lehenago ateratzen zen. Filosofia horretara itzuli beharko genuke, ingurumenari kalte egin nahi ez badiogu, bederen».
Herritarrak kontzientziatzeko, informazio kanpainak martxan jartzearen aldekoa da Vadillo. «Elurra naturala da, bakarrik desagertzen da eta ez da behar horrenbeste gatz botatzea». Haren ustez, erakundeek gatzaren arriskuez ohartarazi beharko lukete, eta neguan elurrarekin bizitzea posible dela erakutsi.
Hiria zuritzen denerako
Elurrari eta izotzari aurre egiteko, 62.000 litro gatzun eta 500 tona gatz dauzkate gordeta Gasteizen. Ingurumenari kalte gutxiago egiten dio gatzunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu