HIRIBURUETAKO PARKEAK (III)

FLORIDAKO PARKEA. Parkeen arteko harribitxia. Hainbat lorategik eta txokok osatua eta hamaika gertakariren lekuko, Gasteizko parke garrantzitsuena bilakatu da Florida urteen poderioz.

Anakoz Amenabar.
2008ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hainbat lorategik eta txokok osatua eta hamaika gertakariren lekuko, Gasteizko parke garrantzitsuenabilakatu da Floridaurteen poderioz.Anakoz amenabar

Gasteiz

Lorategi eta parke ugari ditu Arabako hiriburuak, baina guztien artean Florida da, ziurrenik, bereziena herritarrentzat, han izandako pasadizo eta gertakariengatik eta hiriaren gorabeherak gertutik bizi izan dituelako; jaietarako lekua da, politika eta erlijio ospakizunetarako topagunea ere bai, eta sufrimendu eta heriotzen lekuko izan da. XIX. mendean diseinatu zuten, garai hartako joera erromantikoari jarraiki, baso txiki eta errekekin, eta hiriaren bihotzean dago. Paseatzeko eta atseden hartzeko aparteko txokoa da egun.

1820an ireki zuten Ramon y Cajal kale ondoan zegoen esparrua, lehenago Ezponda zeritzona, eta urteekin handituz eta osatuz joan da. Santa Klarako mojen soroa izandakoa hartu zuen orduko Udalak, egun Eusko Legebiltzarra dagoen tokia, bertan pasealeku berria eraikitzeko asmoarekin. Madrildik ekarritako Liuva, Ataulfo, Sigeriko eta Theudio errege bisigodoen harrizko eskulturekin hasi ziren egungo parkea prestatzen. Hiru mila kilokoa da eskultura bakoitza, eta musika kioskoaren inguruan daude gaur egun. Orduan, egungo Elipsea baino ez zuen hartzen parkeak; Ramon y Cajal kalea eta parkeko kafetegiaren arteko zuhaiztia, alegia.

Garai hartan, pasealeku berria jendeari irekitzearekin batera, lehendabiziko arazoak hasi ziren Udalaren eta herritarren artean. Lorategietan limosna eskatzen zebilen eskale bati alde egiteko eskatu eta hark ez zela joango erantzun zuenez, makila-ministro bat izendatuko zutela iragarri zuten agintariek. Milizia Nazionaleko danborrariek ere parkea hartu zuten praktikarako leku, eta aldentzeko eskakizuna egin behar izan zien Udalak.

Ikuskizun ugari antolatzeko erabili izan da Florida parkea. 1895etik aurrera, Gasteizko Udal Bandak bat egin zuen urte horietan bertako pasealekuetan aritzen ziren txarangekin. 1960ra arte iraun zuen ohitura horrek; udaldian ia egunero izaten zen dantzaldia eta udal banda eta banda militarrak txandakatzen ziren. 1901eko Gasteizko jaietan, esaterako, zinematografoarekin emanaldi publikoa egin zuten eta petardo sorta luzea erre zuten jaiak amaitzeko. Belozipedo karreraren bat edo beste ere izan zen urteetan. Bertako Vitoriana txurro dendan paperezko kukurutxo betea hartuta, jende ugari bildu ohi zen parkera aisialdiaz gozatzera.

XX. mende hasieran, tirabira politikoek Floridako musika eta dantzaldietan eragina izan zuten. Federico Baraibar alkateak, esate baterako, jendaurrean dantza egitea debekatzeko bando bat atera zuen 1899ko uztailaren 11n. Plaza Berritik kanpo dantza egitea debekatuta egon zen 1910ean Eulogio Serdan alkateak erabakia aldatu zuen arte.

Uda osoan zehar gasteiztar eta bisitarien lekurik gogokoena zen Florida, eguzkiak gogor jotzen zuen orduetan batik bat. Bertako freskotasunera Espainiatik etorritako politikari eta aberats asko bildu ohi zen. Urte grisak ere izan zituen Floridak, 36ko gerrarekin batera. 1937an, esaterako, ez zen kontzertu, dantza eta bestelako jaialdirik izan. Gerraren kalteak nahikoa ez, eta eguraldiak ere hainbat kalte eragin zituen parkean gerra ostean. 1941ean haizete gogor batek berrogeita hamar zuhaitz baino gehiago bota zituen. Lehortea ere izan zuen hiriak, 1945ean, eta, hain zuzen, Floridako iturria auzoko iturri gisa erabili zuten urik gabe zeuden etxeek.

Gaur egun hamaika ekimenen topaleku da parkea. Urtero, Eguberriekin batera, milaka lagun batzen dira bertan Udalak prestatutako ekintzetara. Izotz pistak, Gabonetako saltokiek eta 1962. urtetik jartzen duten jaiotza ezagunak biltzen dute lagun gehien. Jolas jaialdirako kokaleku eta Udal Bandaren hainbat emanaldirako plaza ere bada. Haurrarekin jolasteko, soinketa praktikatzeko edota lasai etzanda egoteko tartea ere bilatzen du batek baino gehiagok.

XX. mendean izan ditu parkeak aldaketarik nabarmenenak. Hiriaren inguruan zegoen lehen, eta erdigunean dago orain. Hazkundearekin batera, Canciller Ayala hotela eraiki zuten 1957. urtean, parkearen albo batean. Parkea handitu eta Ignacio Aldekoa idazlearen, Alberto Schommer argazkilariaren eta Duke Ellington musikariaren omenezko irudiak jarri dituzte, besteak beste, parkeko bazterretan. Hiria handituz joan da poliki-poliki, baina bertan mantendu da Florida, eraikinen arteko uharte lasaia.

LORE ERAKUSTOKIA. Florida lorategi botaniko moduan sortu zuten, munduko lau bazterretako espezie exotikoekin; 95 zuhaitz espezie eta 79 zuhaixka landatu zituzten bertan. Bidezidorren labirinto itxuraz, benetan zuen baino hedadura handiagoko parke batean egoteko sentsazioa ematen zuen. Frantses lorategi arrazionalistetatik urruti, ingeles erako lorategia izan zen XIX. mendean.

XX. mendean indartu egin zen parkearen izaera erromantikoa, beste hainbat elementurekin. Besteak beste, haitzuloa, urmaela eta Paristik ekarritako espezie ugari paratu zituzten. Orduan landatutako hainbat zuhaitz oraindik ere bizi dira; hiriko zaharrenak dira.

Berriki, beste lur eremu bat ere gehitu zaio Eusko Legebiltzarraren aurreko lur sailean. Beste 2.800 metro koadrorekin, azken 150 urteetako zabalkuntza handiena egin dute. Parke inguruko elementu arkitektonikoak -Musika etxea eta Florida liburutegia tartean- integratzeko egin zen zabalkundea. Hesi artean bada ere, antzina baratzeak egon ohi ziren inguruan, doakoa da sarrera eta hamaika landare aurki daiteke bertan, bakoitza oinarrizko informazioarekin. XXI. mendeko lorategia dela esan daiteke, baina aurreko lorategi ereduen batura ere bada.

Parkearen bertuteez gozatzeko garai bikaina da udaberria. Ikuskizun dotorea eskaintzen dute garai honetan lorategi eta parkeko zuhaitz eta animaliek. Besteak beste, sorbeltz arrunt ugari biltzen dira eta hiru hilabete baino gehiago egiten dituzte parkean. Landaredi txoko nahasietan, ikusteko horren errazak ez diren txoriak ere badaude ondo gordeta, lezkari eta benarrizak tartean. Urmael handietan, goroldioz betetako ur-jauzietan, buztanikara horia ere ibiltzen da. Loratzen diren espezie ugari ere ikus daitezke garai honetan, kolore eta itxura guztietakoak. Gerezi-erramuak, otsalizarrak eta Judasen arbolak, besteak beste, paisaia ederra erakusten dute egunotan.

ParKearen GIDa

Parkearen izena: Florida.

Nola ailegatu: Gasteiz erdigunean dago. Andra Mari Zuriaren plazatik gertu aurkituko dugu, Alava Jeneralaren kalearen eta Florida kalearen artean.

Parkearen sarbideak: Alava Jeneralaren kaletik, Eusko Legebiltzarra eskuinera utzita aurkituko dugu sarbide bat. Florida kalean eta katedral berriaren alboan daude beste sarbideak.

Parkearen datuak: XIX. mendearen hasieran eraiki zuten, baina geroztik aldaketa ugari izan ditu. Egun, 35.200 metro koadro ditu parkeak.

Zuhaitz eta landare espezie aipagarrienak: Balio handiko espezieak daude zuhaitz eta zuhaixka artean. Aipagarriak dira, besteak beste, sekuoia, Libanoko zedroa eta Douglas izeia.

Fauna: Hegazti mota ugari etortzen da Florida parkera, urtaro guztietan. Miru beltzak, belatz gorriak eta gabiraiak ere ikus daitezke tarteka. Urmael inguruan igel ugari ere biltzen dira.

Erabilera baldintzak: Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbideak daude parkean. Patinetan ibiltzeko edo bestelako kirolak praktikatzeko berdeguneak ditu. Bazkaltzeko lekua prestaturik ez dagoen arren, erdiguneko kafetegi eta jatetxeak izan daitezke etenaldia egiteko aukera aproposa.

Ordutegia: Zabalik gau eta egun.

Parkearen jabetza: Publikoa.

Informazio osagarria: vitoria-gasteiz.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.