Mehatzeta eta Montefuerte izenekin ere ezaguna den ingurua hiru hiriz inguratuta dago, Bilbo,Basauri eta Arrigorriaga baititu aldamenean. Berez, azken horri dagokio Ollarganeko eremua, baina parkearen ardura Bizkaiko Foru Aldundiak dauka. Edonola ere, bitxia da 420.000 biztanleko hiriguneak ondoan dituen berdegunea topatzea, are gehiago industriaren garai grisak ezagutu zituzten hiriak direla kontuan hartuta.
Donostiatik Bilborako errepidetik ere ikus daiteke Ollargan parkea, Illunbeko landak deritzonak batez ere, Bizkaiko armarri handi bat belarraren gainean ageri dutelako, hain zuzen ere. Autoz bertaratzeko aukerak badira ere, Boluetatik Basaurirako bidean, esate baterako, herritar gehienak oinez heltzen dira bertara. Askok metro edo tren geltokiak erabiltzen dituzte joateko, horretarako aukerarik errazena Renfeko Bilbo-Orduña ibilbideak eskaintzen du, Ollargan auzoko etxebizitzetan baitauka geldiunea. Euskotren eta Metroko Boluetako geltokiak ere, parkera joateko baliagarriak dira.
Egunero, ehunka lagun biltzen dira parkean paseatzeko edo kirola egiteko asmoz. Adineko jendea da, batez ere, parkean zehar ibiltzen ikus daitekeena, baina askotarikoak dira arnasa hartzeko bertaratzen direnak, hiritik ihes egiteko aukerarik hurbilenetakoa eskaintzen baitute Ollarganeko berdeguneek. Udako hilabeteetan, hondartza maite ez dutenen solariuma bilakatzen dira bertako landak, autobideak inguruan badira ere, autoen zarata urrun entzuten delako. Lasaitasuna da nagusi parkean, edo hala zen iraganean, urteotan bisitari zaratatsuak agertzen hasi baitira handik, motor, quad eta bestelako ibilgailuekin oinezkoen bideetatik aritzen direnak. Salaketa ugari egin dituzte ibiltariek, baina Bizkaiko Foru Aldundiak autoen sarrera gelditzeko hesiak baino ez ditu jarri.
MENDI MAGALEAN. Malmasin (361 metro) mendira igotzeko biderik errazena eskaintzen du Ollarganek eta, bidean, 1981. urtean aurkitu zituzten Erdi Aroko gotorlekua izandakoaren aztarnak ikus daitezke. Behealdean, berriz, garai bateko meategietako arrastoak ere ageri dira, trenbideetatik gertu. Bertatik lortzen zuten meatzariek Boluetako industria hornitzeko mea. Erabat desagertu da orain Santa Ana lantegia aintzindari izan zuen industrializazioaren iraultza.
Duela urte batzuk, 2004an, Bizkaiko Foru Aldundiak parkea atontzeko lanak hasi zituen, besteak beste, bideak egin, arbola berriak landatu, urmaelak jarri eta hegaztientzako ehun habi prestatu zituzten. Arrigorriagako Udalak 50 urtez laga dio Bizkaiko Aldundiari lurzoruen kudeaketa eta, hartara, erakunde horren esku daude Ollarganeko 170 hektareak. Egun, 10.000 zuhaitz baino gehiago ditu parkeak, eta, etorkizunean, askoz gehiago izango ditu, errepideetako zarata leuntzeko hesi naturala egiteko egitasmoa aurkeztu baitu Aldundiak dagoeneko.
Autobideek berdegunea mugatzen badute ere, mendizale askok errepideen norabidean zeharkatzen dute Ollargan egunero, izan ere, Bolintxu haranetik Pagasarri (673 metro) mendirako bidea har dezakete handik. Bilbotar gehienek San Adrian auzotik egiten dute Pagasarrirako txangoa baina, gutxi batzuek badakite Bolintxutik igaro den bideak eskaintzen dituela Bilboko paisaiarik ederrenetarikoak. Bost kilometro inguruko luzera dauka Bolintxuko haranak eta, gaur egun emari eskaseko errekak zeharkatzen badu ere, XIX. mendeko amaieran bilbotar askoren ura gordetzen zuten urtegiak egin zituzten hango urekin. Baso ikusgarriak, ur-jauziak, animaliak eta bestelako altxorrak ezkutatzen ditu haranak eta, asko, kezkatuta daude Supersur errepidea handik igarotzea aurreikusi dutelako.
Nafarroako bizkaitarren gotorleku
m.c.
Bilbo
Bizkaiko hiriburura errepidetik sartzeko azpitik igaro beharreko mendia delako ezagutzen dute gehienek Malmasin mendia. Garaiera txikikoa eta paisaia ederrik gabekoa izan arren, historiaren ikuspegitik garrantzi handiko lekua izan beharko litzateke euskal herritar guztientzat. XII. mendean, Iruñeko erresumak egungo Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Errioxa eta Nafarroa hartzen zituenean, gotorleku indartsua sortu nahi izan zuten mendebaldeko mugak babesteko asmoz. Horretarako, Antso VI.ak (1150-1194) Malbezingo gaztelua eraikitzeko agindua eman zuen, Ibaizabalgo harana eta inguruko lurraldeak defendatzeko.
Gaur egun mendizale eta kirolariek zapaldutako zelaietan, beraz, Nafarroako erresumako soldaduak aritzen ziren Bilboko hiribildua bera sortu aurretik ere. Oraindik ere, Nabarraldeko lagunek sustatuta, Nafarroako Bizkaitarrak izeneko taldea biltzen da urtero, Ollargan parkean lotu eta, Malmasineraino igota, 1199. urtean Gaztelako erasoen kontra euskal lurraldeak babesten zituzten gudariei omenaldia egiteko. Duela hiru aste, urriaren 20an, egin zuten azken irteera eta, horrez gain, hitzaldiak antolatu zituzten erresuma zaharraren inguruan.
1199KO INBASIOA. XII. mendearen azken urteetan hasi zen mendebaldeko Nafarroako erresumaren gainbehera, 1198an Aragoiko eta Gaztelako koroek Nafarroa haien artean banatzea erabaki zutenean. Urte horretako maiatzaren 20an bildu zen Gaztelako Alfontso VIII.a Aragoiko Pedro II.arekin, eta ituna sinatu zuten. Historialariek azalpen desberdinak eman dituzte akordio horren inguruan, baina gehienak bat datoz Akitaniarako merkataritzarako bideak bereganatu nahi zituztela. Herri askok erasotzaileei aurre egin bazieten ere, 1200. urterako Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa Gaztelako koroari lotu zitzaizkion.
Nafarroako erregea, Antso VII.a, kanpoan zen erasoak hasi zirenean, Afrikako iparraldeko erresumetan laguntza bila baitzebilen Al-Nasir sultanarekin, Gaztelako erregearen aurka lehiatzeko, hain zuzen ere. Erasotzaileen nagusitasuna nabarmena izan zen soldadu kopuruaren aldetik eta, gainera, zenbait historialariren ustez herri batzuek ez zuten borrokarik egin gaztelarren aurka. Urteak igaro arren, Nafarroako errege-erreginek askotan eskatu zituzten 1199. urteko erasoetan galdutako lurrak, erresumak zutik iraun zuen bitartean behintzat.
JaKInGarrIaK
Kokapena: Ollargan parkea, Montefuerte eta Mehatzeta izenez ere ezaguna da. Arrigorriagari dagokio, baina Bilboko Bolueta eta Miribilla auzoak ditu ondoan. Basauri ere du mugarri.
Nola iritsi: Boluetako metro geltokitik, oinez, hamar minutu besterik ez dira behar hara heltzeko. Renfek parketik oso gertu dauka Ollargan izeneko geltokia.
Zer ikusi: Malmasin mendia ondoan dago, eta Pagasarrirako bidean Bolintxu haran ederra dago.