Hiru belaunaldi sukalde kontuez

Sukaldaritzak izandako bilakaera eta bertako balioak aztertuko dituzte alor horretan ari diren sei lagunek

Donostia
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hiru Belaunaldien Topaketa jardunaldia izango da urriaren 26an Donostiako Kursaalean. Hainbat belaunalditako sukaldariak izango dira bertan, Euskal Herriko eta, batez ere, Gipuzkoako sukaldaritzak izan duen ibilbidearen inguruan hausnartzen. Arratseko zazpietan bilduko dira. Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana izango dira belaunaldi zaharrenaren erakusgarri. Andoni Luis Aduriz eta Elena Arzakek tarteko belaunaldia osatuko dute. Gazteenak, berriz, Eneko Atxa eta Iñigo Cojo izango dira.

Belaunaldi bakoitzekoek bakarka hitz egingo dute, lehenik, eta, bukatzeko, sei sukaldariak batera ariko dira Gipuzkoako sukaldaritzaren eta berorrek eman duen prozesuaren inguruan berriketan, besteak beste.

Gipuzkoa Sarean proiektutik sortutako ekimena da. Kepa Korta Donostiako Plan Estrategikoaren zuzendaria, eta Xabier Barandiaran diputatu nagusia dira bertoko zuzendariak. Biek aurkeztu zuten jardunaldia, Aduriz eta Elena Arzakekin batera.

Balioen transmisioa

Kooperazioaz eta ikasketez bakarrik ez duela hitz egingo esan zuen Adurizek, berrikuntzaz, ahaleginaz, eskuzabaltasunaz eta xalotasunaz ere ariko direla aurreratu zuen atzoko aurkezpenean. Balio horiek bizitza normalera eramatea ona dela esan zuen, eta zure sukaldea ordenatua baldin badago zeure burua ere hala egongo dela nabarmendu zuen. Arzakek garrantzitsutzat jo zuen etorkizuneko belaunaldia, eta berauei transmitituko zaizkien balioak. «Guri zaharragoek pasatu zizkiguten, eta berriei esker ez da galduko azken 30 urteetako lana. Garrantzitsuak dira utziko dizkiegun balioak». Andoni eta biak tarteko belaunaldikoak dira, eta ondoren datozenak ikusteak lasaitu egiten ditu.

Bere aurreko sukaldarien lana azpimarratu zuen Adurizek. «Uste dut eredugarria dela sukaldari horiek egin zuten lana, baina ez sukaldaritza mailan bakarrik, orokorrean baizik». Berez, lehiakideak ziren, baina elkarrekin lan egiteari ekin zioten sukaldaritzari bultzada emateko. «Inguru tradizional batean sukaldaritza berria eta puskatzailea egin zuten». Oraindik ere, zenbait pertsonak mesfidantza puntu bat erakusten dute, «kultura bat sortuta utzi ziguten arren».

Elena Arzaki, ekimenean parte hartzeko deitu ziotenean, «oso interesgarria» iruditu zitzaion. «Hiru belaunaldiak bildu dira, gauza normala dela irudituko zaigu agian, baina ikaragarria da azken urteetan gai honen inguruan interesatu den jende kopurua». Hainbat antropologo eta historialari interesatuta daude Gipuzkoan sukaldaritzak daukan indarraren nondik norakoak aztertzearekin. «Ea guztion artean lortzen dugunhori guztia nola sortu eta garatu den jakitea».

Norberak bere erroei eustea, balio garrantzitsua da Elena Arzakentzat. «Nahita edo nahi gabe, baina beti eusten diogu gure sustraiei». Betiere, bertako produktu eta teknikekin gauza berriak sortzen baitituzte. Kontu horiek guztiak eta beste hainbat izango dituzte hizpide datorren asteko jardunaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.