Gaurtik hasi eta igandera arte, Durangaldeko (Bizkaia) II. Ardi Jaia ospatuko dute, Durangon, Abadiñon eta Atxondon. Artzainen ofizioa ezagutaraztea da xedea, eta horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte. Hiru herrietan, 30 ekitaldi izango dira guztira.
Bihar, transhumantzia zertan zen erakutsiko dute. Garai herriko artzain batek 50 ardi inguru hartu, eta Durangoko kaleetan zehar gidatuko ditu, garai batean ohikoak ziren lekualdaketak antzezteko.
Beste ekintza batzuk ere egingo dituzte bihar. Durangon, esaterako, durangaldeko gazta azoka egingo dute; eta Abadiñon, baserriko abereen inguruko erakusketa bat ikusteko aukera izango da.
Igandean ere Ardi Jaiarekin lotutako agenda oparoaz gozatzeko aukera izango da. Atxondon, bi orduko ibilaldi gidatua egingo dute, artzainek ardiekin Anboto mendiaren gailurrera iritsi arte egiten zuten bidea herritarrei ezagutarazteko.
Bestalde, igandean Euskal Herriko Ardi Txakurren 46. Txapelketa egingo dute Atxondon. Euskal ardi txakur ugari lehiatuko dira. Hain zuzen, lurralde bakoitzeko txapeldunek eta txapeldunordeek parte hartuko dute, eta, haiekin batera, iazko Durangaldeko Ardi Jaiko txapelketako irabazleek.
Jaiak irauten duen hiru egunetan, Durangoko zortzi tabernatan ardi gaztarekin egindako pintxo bereziak eskainiko dituzte. Ez da aitzakiarik falta, hortaz, asteburuan Durangaldera joateko.
Gerizpean
Hiru egunez, Ardi Jaia
Egitarau zabala prestatu dute Durangaldean, Ardi Jaia ospatzeko; bihar, transhumantzia egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu