Hiru Erregeak iritsi dira

Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira gaur Errege Magoak; haurren eskaerak jaso eta gozokiak banatuko dituzteArratsaldean desfileek magiaz beteko dituzte herri eta hirietako kale nagusiak

Haurrak agurtu eta haien eskaerak jasoko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek. IMANO OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Errege egun bezperan ohitura den legez, hiru Errege Magoen desfileek Euskal Herriko bazterrak girotuko dituzte. Ekialde urrunetik bidaia luzea egin ostean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Bidaiako nekeak alde batera utzi eta egitarau estua bete beharko dute. Hala ere, haurren azken orduko eskutitzak jasotzeko prest egongo dira, inor merezitako oparirik gabe geldi ez dadin.

Hainbat herritan izango dira gozokiak banatzen, baina Hego Euskal Herriko hiriburuetan barna ikusi ahal izango dira desfile jendetsuenak. Haurrek irrika handiz itxarongo diete, eskatutako opariak ekarriko dituztela ziurtatzeko.

1. Kontxara, gameluz

Donostiara goizean iritsiko dira maiestateak. Gameluen gainean iritsiko dira Kontxako Badiara, 12:30ean. Zuzenean Alderdi Eder plazara joko dute, eta hiriko udaletxean sartuko dira. Batzar aretoan izango dira 12:45etik 17:00etara bitartean, etaagurtzera joango zaizkien haurren eskutitzak jasoko dituzte.

18:00etan abiatuko da desfilea, Bulebarretik. 500 lagunek hartuko dute parte, eta hiriburuko kaleak zeharkatzen dituzten bitartean 2.100 kilo gozoki —zeliakoentzat ere egokiak— banatuko dituzte. Hiriguneko kaleetan ibiliko dira, Gipuzkoa plazara iritsi arte. Handik Bulebarrera itzuliko dira, eta han amaituko da desfilea. Erromatar soldaduez gain, artzainak, hebrearrak, egiptoarrak eta arabiarrak izango dira.

2. Bilbon, tranbian

Eguerdirako iritsiko dira Errege Magoak Bilbora. Gameluak deskantsatzen utzi, eta tranbia hartuko dute, Arriaga antzokitik Basurtuko ospitalera joateko. Pediatriako pabiloian dauden haurrei irribarre eginarazteko banatukodituzte han lehenengo opariak.

Arratsaldean desfile ikusgarri batekin egingo diete ongietorria erregeei. Bederatzi karrozak, ametsetako tren batek eta kaleko lau antzerki taldek osatuko dute desfilea.

18:00etan abiatuko dira, Jesusen Bihotzaren plazatik. Kale Nagusia eta Buenos Aires kalea zeharkatu ondoren, udaletxera iritsiko dira.

Bakezko mezu tradizionala irakurri ostean, haurrek erregeekin egoteko aukera izango dute udaletxeko Arabiar aretoan.

3. Trenez Gasteizera

Trenez iritsiko dira Errege Magoak eta haien laguntzaileak Gasteizera. 11:00etan iritsiko dira Renfeko geltokira. Handik Aihotz plazara joko dute, eguneko lehen agurra egitera. Gasteizko neska-mutilek 12:15etik 14:00etara eta 14:30etik 18:00etara izango dute aukera erregeekin banan-banan biltzeko eta idatzitako eskutitzak banatzeko, Goiuri jauregian.

19:00etan abiatuko da errege desfilea, Bilbo plazatik. Frantzia kalea zeharkatuko dute, eta hirigunean gozokiak banatu ostean, Gasteiz etorbidera joko dute.Han bukatuko dute ibilbidea Errege Magoek.

Zazpi karrozak hartuko dute parte desfilean. Horiekin batera sbandieratoris talde bat izango da, Italiako San Lorenzo herriko banderadunak. Kale antzerkiko hiru konpainiaren laguntzarekin girotuko dituzte Gasteizko kaleak.

4. Frantziako portaletik

Magdalena zubitik iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Iruñera, 16:00etan. Frantziako portaleak ateak irekiko ditu erregeen segizioa hirira sar dadin. Carmen, Navarreria eta Mercaderes plazatik udaletxeko plazara iritsiko dira, gameluetan.

19:00etan ekingo dio desfileak ibilerari. Hiriguneko kaleak zirkulazioarentzat itxita egongo dira, haurrek erregeak agurtu eta haien gozokiak jaso ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.