Patxi Zubizarreta (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) Donostiako Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan izango da gaur, 20:00etan. Hiru gutun Iruñetik liburuaren irakurketa musikatua egingo du; Joseba Senperena piano jotzailearen doinuekin eta Gema Arrugaetaren argazkien laguntzarekin ariko da. Ikuskizun literario-musikala izango da.
Zubizarreta makina bat liburu idatzitakoa da, baina liburu honekin hainbat helburu bete dituela uste du: «Norbaiti idazten diogu, hunkitu dadin eta zer pentsa eduki dezan».
Liburua idazteko, beste hamaika irakurri behar izan du, arrastoa utzi diotenetatik ikasiz.
Idazle goierritarrak Nafarroako Pirinioetan kokatu du narrazioa, 1939ko guda ondorenean. Historian argitu gabe gelditu diren kontuak taxutu ditu. Gutunen aldarrikapen honetan, 36ko gerrak banandu eta urrundutako lagun batzuen istorioa kontatzen du, etsai bilakatutako adiskide ohien mendekuaren kontakizuna. Sentimenduz idatziriko narrazio bat da. Pasioa, amorrua, gorrotoa, barren-barreneko sentimendu kontraesankorrak, faltsukeriak... eta hori dena mendekuzko gutunen bitartez, hiru ataletan banatuz istorioa.
Lehen zatian, bi lagunen arteko gutunak dira; bigarrena, hirugarren pertsonan kontatua dago; eta, hirugarrena, bigarren pertsonan idatzitakoa da.
'HIRU GUTUN IRUÑETIK'
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Donostiako Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan
'Hiru gutun Iruñetik' ikuskaria
Patxi Zubizarreta egileak irakurketa egingo du Donostian, piano doinu eta argazkien laguntzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu