Hiru metroko ondarea

'Gure musikari handiak' egitasmoaren barruan, Maurizia Aldeiturriaga, Leon Bilbao eta Fasio musikariak txotxongilo erraldoi bihurtuko dituzte egun hauetan Arratian.

Herritarrak ari dira irudiak sortzen Les Grandes Personnes enpresaren laguntzarekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Musikari historikoak berreskuratzea eta txotxongilo erraldoiak. Bi osagai horiek nahastu dituzte Gure musikari handiak izeneko egitasmoan. Horretan dabiltza Arratia bailaran, Areatzan (Bizkaia): erraldoi izandako figurak oinarri hartu, eta panpina erraldoiak sortzen. Itsasgarri, guraize eta burdina artean, historia puska bat berreraikitzen. Hiru metroko neurrian. Ostiralean hasi ziren, eta hilaren 10era arte arituko dira txotxongiloekin. Duela urtebete jarri zuten abian egitasmoa Oreka TX musika taldeak, Lekeitioko Kale-Antzerki Jaialdi Nazioartekoak eta Kukubiltxo antzerki taldeak. Euskal Herriko musikagintzan izan diren musikari historikoak berreskuratzea eta horien transmisioa bermatzea dute helburu.

Berreskuratze lan gisa aurkezten du egitasmoa Imanol Agirre Lekeitioko Kale-Antzerki Jaialdi Nazioartekoaren zuzendari artistikoak. Erreskate moduko baten modura. «Gaur egun ezagutzen dugun musikaren ezinbesteko elementuak dira musikari horiek, baina ahaztuta daude nolabait. Ez ditugu ondo ezagutzen». Horregatik egitasmoa. Eta horregatik eskatu diote laguntza txotxongilo erraldoiak egiten adituak diren Frantziako Les Grandes Personnes enpresari. Haiek ari dira egunotan tailerrak gidatzen. Musikari handiak panpina erraldoi bihurtzea da asmoa, baina baita gero antzezlan bat osatzea ere.

Datorren urteko emanaldia

Euskal Herriko musika tradizioan garrantzia izan duten bost pertsona aukeratu dituzte horretarako. Oraingoz, hirurekin dabiltza Areatzan, halere. Trikitian aritzen zen hirukote historikoarekin. Arratia bailarako Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearekin. Leon Bilbao albokariarekin. Eta Bonifazio Arandia Fasio soinu jotzailearekin.

Erraldoi ziren hirurak lehen, eta erraldo bihurtuko dituzte orain ere. Gehiago egongo dira gero, baina oraingoz hiru horiek hautatu dituzte antolatzaileek hasteko. Euskal Herriko hamaika plaza dantzan jarri zituztelako, eta haien doinuek bizirik dirautelako gaur egun ere. Agirrerena da justifikazioa: «Maurizia, Leon eta Fasiok herri musikagintzan urrezko orriak idatzi zituzten».

Baina egunotan egindakoak ez dira izango panpina bilakatuko dituzten musikari bakarrak. Bi gehiago dituzte gogoan. Txalapartariak biak: Lasarteko eta Astigarragako (Gipuzkoa) Pello Zuaznabar eta Ramon Goikoetxea, zehazki. Gipuzkoan erraldoi bihurtuko dituzte horiek datorren urtean. «Ez dira oso ezagunak Euskal Herrian, baina Francoren diktadura garaian txalaparta bizirik gorde zuten. Horiek gabe txalapartarik ez litzateke egongo, egun», dio Agirrek.

Panpinen bidez, berriz ere plazara eramango dituzte musikari guztiak. Kale ikuskizun bat egingo dute haiekin. Oreka TX musika taldeak eta Kukubiltxo antzerki taldeak zuzenduko dute emanaldia. Antzezlanaren gidoia prestatuko du Kukubiltxok eta erraldoi bihurtutako musikarien doinuak berreskuratuko ditu Oreka TX taldeak.

Irudi erraldoi guztiak bukatu ondoren izango da hori. Hurrengo urteko udan.Epea ere jarri diote euren buruei, halere. Uztailaren 13an egin nahi dute estreinaldia. Lekeition (Bizkaia) egingo den Nazioarteko Kale Antzerkiaren 25. jaialdian, hain zuzen ere. Gure musikari handiak deituko da antzezlana, eta, lehen emanaldiaren ostean, Euskal Herri osoko kaleetara eraman nahi dute ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.