Objektu hegalari ezezagunak? Ameriketako Estatu Departamenduaren terminologiaren arabera, aireko fenomeno azaldugabeak dira.
Halakoak agertzen dituen hiru bideo argitaratu ditu Pentagonoak. Aspaldi dabiltza bideook bolo-bolo, norbaitek 2007. urtean eta 2017an filtratu zituenetik. Pentagonoak, orain, horiek ofizialki plazaratzeko erabakia hartu du, «eztabaida argitzeko».
Izan ere, baten batek argudiatu du bideoetan agertzen direnak estralurtarren ontziak direla.
Bideoetako bi 2015. urtean grabatu zituzten, gerra hegazkinetatik. Objektu bat airean mugitzen erakusten du lehenak, pantailatik ziztu bizian alde egin aurretik. Bigarren bideoan, itzulika dabil beste objektu bat agertzen da, «haizearen kontra», pilotuen ahotsek nabarmentzen dutenez. «Begiratu gauza horri, txo! Bueltaka ari da!», esaten du pilotuetako batek.
Hirugarren bideoa 2004koa da. Objektu borobil bat uraren gainean dabil, Ozeano Barean, kostatik 160 kilometrora.
«Departamenduak zorrotz aztertu ditu bideook», adierazi du Pentagonoak agiri batean, «eta erabaki du ez dutela ezkutatu beharreko arma edo ahalmenik erakusten, eta ez dutela kaltetuko aire fenomeno identifikatu gabekoen inguruko ikerketak».
Pentagonoak adierazi du argitu nahi zutela bideoak egiazkoak direla, baina ez dagoela horien inguruko beste daturik.
Bideoak benetakoak dira, beraz, baina zer erakusten dute? Hori erantzutea beste kontu bat da. Batzuek, edonola ere, estralurtarren ontziak direla sinesten jarraitu nahiko dute.