Historia daramaten orgak

Nafarroako konkista eta murrizketak gogoratu dituzte Baztandarren Biltzarreko orga desfilean

Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira osatu dute aurten Amaiurko herritarrek beren orga. I. URIZ / ARP.
Inigo Astiz
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Nekatuta, bai, baina batez ere pozik daude antolatzaileak. Festa prestatzen eman dute urtea, eta festa egin ahal izateko lanean asteburua. Garbiketa lanetan gero. Baztango herrien arteko adiskidantza ospatzea da Baztandarren Biltzarraren asmoa, eta ez dute hutsik egin. Iaz ez bezala, alde izan dute eguraldia aurten, eta nabarmena izan da aldea. Aurreko urtean baino jende gehiago izan da Elizondon (Nafarroa) asteburuan. Igandean, batez ere. Jendetza izan zen orga lehiaketa ikusten, eta bazkarian ere ez zen eserlekurik hutsik gelditu.

Festa giroa izan zen nagusi, eta festa giroan egin zituzten baztandarrek aldarrikapenak ere. Orga lehiaketan, adibidez, bi izan ziren gai nagusiak: Nafarroako konkistaren urteurrenarena bata, eta murrizketena bestea. Egiteko berezia izan zuen Amaiur herriak. Baztandarren Biltzarra elkarteak aitortza berezia egin zion, memoria historikoaren eta beren gazteluaren berreskurapenaren alde egindako lanagatik, baita larunbatean antolatutako konkistari buruzko ikuskizun artistikoagatik ere. Amaiurtarrak izan ziren horregatik orga desfilean buru joan zirenak. Dantzariak, musikariak eta orgak haien atzean. Murrizketen aurkako mezuak zabaldu zituzten haietariko gehienek jende artean. Umorearen bidez, maiz.

Eskola publikoko guraso elkartekoek eta ikastolakoek egin zieten deia herriei, eta historia eta gaurkotasuna uztartu zituzten askok beren orgetan. Lekarozko herritarrek, esaterako, murrizketen ondorioz aurten itxita egongo den herriko igerilekua izan zuten gogoan, eta berriz ere errekara joan beharko zutela iradoki zuten. Garai batean egin ohi zuten bezala. Ez ziren bakarrak izan. Zeharka, edo zuzenean, herri gehienek egin zuten bat murrizketen aurkako protestarekin.

Bakoitzak bere gaia landu zuen, halere. Herriko elizako ezkila lapurtu zutenekoa izan zuten gogoan, adibidez, Elbetekoek, eta lehen saria eskuratu zuten. Elizondoko Aise taldeak jaso zuen bigarrena, eta Iruritako orgak hirugarrena.

Bazkarian ere jendetza izan zen Merkatuko plazan, eta azkar batean bukatu ziren saltzeko gelditu ziren txartelak. Giro ederra bazkarian eta baita bazkalondoan ere. Ernesto Prat preso ohiari ongietorria egin zioten, eta musika izan zen gero nagusi. Kantaldiak, dantzaldiak eta DJak.

Urteurrenaren mugan

49. aldia izan du aurtengoa festak, eta urteurrenaren mugan egon da horregatik aurtengo Baztandarren Biltzarra. Mende erdia egingo du datorren urtean, eta «berezia» izango da ospakizuna, Amaia Iturralde Baztandarren Biltzarra elkarteko kideak dioenez. Urtarrilean hasiko dira prestakuntza lanetan, eta, beraz, ez da oraindik zehaztapen handirik. Egun beteko festari urtebeteko presentzia eman nahi diotela aurreratu du soilik. Herriz herri joan nahi dutela. Ez da, ordea, helburu bakarra: «Elkartea odol berritzen eta indartzen ere saiatuko gara. Ea urteurrenaren aitzakian elkartera jende berria erakartzea lortzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.