Hezkuntzaren bilakaerarekin batera joan dira aldatzen ikasgeletan ikasliburuak. Garaian garaiko hezkuntza curriculumaren isla izaten da eskoletan ikasleek erabiltzen duten ikasmateriala. XX. mendeko koaderno eta euskarazko ikasliburuz osatutako erakusketa bat ireki dute Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Araka taldeak antolatu du, eta maiatzaren 13ra arte ikusi ahal izango da.
Iraganeko eskola batera bidaiatzearen pare, aspaldiko altxorrak ikusi eta hezkuntzaren bilakaeraren berri izango du bisitariak panelen bidez. Sabino Aranaren Umearen lehenengo adiskidia ikasliburua da erakusketako zaharrena. «1897koa da. Bizkaieraz euskaraz irakurtzen ikasteko erabiltzen zen», azaldu du Begoña Bilbaok, Araka taldeko kideak. Antolatzaileetako bat da bera, Karmele Perez eta Gurutze Ezkurtiarekin batera.
Nolanahi ere, Lopez Mendizabalek 1925ean idatzitako Xabiertxo liburuxka da garai batekoen artean ezagunena, Bilbaoren arabera. Eskolan euskarak ez zuen lekurik mende hasieran, eta katiximakoak dira gure hizkuntzan gorde diren libururik gehienak. Salbuespenak ere bazeuden, ordea: errepublika garaian batxilergoa euskaraz ikasteko liburuak ikus daitezke. Zaharrak izanagatik, asko eta asko berritzaileak izan ziren garai hartarako. Edukiz, ordea, gaur egun baino mugatuagoak ziren. «Gure aitona-amonek oinarrizko matematika eta irakurtzen eta idazten ikasten zuten soilik».
Frankismoaren amaieran aldatu zen egoera, edukiak zabaldu eta oinarrizko hezkuntza orokorreko liburuak egiten hasi zirenean. Urteetako debekuaren ondotik, lekuan lekuko hizkuntzak irakasten hasteak arnasaldia ekarri zuen. Saioka da orduko erreferentzia nagusia. «Adin tarte eta irakasgai guztietarako euskaraz argitaratutako lehendabiziko materiala izan zen». Ikastolek ere lan oparoa egin zuten euskarazko ikasliburuak sortzen.
1990eko hamarkadan, LOGSE legeak ekarri zuen hezkuntzaren panorama iraultzea, beste behin ere. Espainiako argitaletxeak liburuak euskaraz kaleratzen hasi ziren: gaur egungo materialaren antzekoak.
Salamancako Unibertsitateko Museo Pedagogikoak utzitako gaztelaniazko koaderno multzoa ere jarri dute erakusketan. Irakasleek eta ikasleek idatzitako koaderno zaharrek idazlanak, ariketak eta marrazkiak gordetzen dituzte.
Ikasliburu eta koaderno horiek balioa badutela esan du Bilbaok: «Gure ondare historiko eta pedagogikoa dira». Sentimentuei dagokienez duten funtzioa ere kontuan hartu behar da. «Etorri zaigu jendea, 'nik hau erabili nuen eskolan' esan eta liluratuta».
Materiala jasotzeko kutxa
Pedagogiaren historia aztertzen dute, besteak beste, Araka taldeko kideek, eta ikasliburuak dira ikerketarako lehengaia. Hori dela eta, jendeak etxean dauzkan garai bateko ikasliburu eta koadernoak jasotzeko kutxa bat jarri dute aretoan. Erakusketaren osagarri gisa, hitzaldiak antolatu dituzte. Martin Fraile eta Isabel Ramos Salamancako Unibertsitateko irakasleek koadernoen eta hezkuntzaren historiari buruz hitz egingo dute etzi, 11:30ean. Ondoren, Araka taldeko ordezkariek Euskal testuliburuen garapena eta curriculuma hitzaldia emango dute. Erakusketa doan da, eta eskola orduetan dago zabalik.
Historia ikasliburuetan
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan 'XX. mendeko koaderno eta testuliburuak' erakusketa ireki dute. Gai horren inguruko hitzaldiak egingo dituzte ostegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu