Bada denboraren ardatzean galdua zirudien Euskal Herriko historiaren pasarte bat. III. eta IX. mendeen bitartean Pirinioetatik harago bizi ziren euskaldunei dagokiena, hain zuzen. «Nafarroako Erresumaz asko ikertu dugun arren, ezer gutxi dakigu Pirinioetako baskoien inguruan», dio Iñaki Sagredo historialariak Vascones: doblamiento defensivo en el Pirineo liburuan. Gaur aurkeztuko du ikerlana, Bilboko Fnac megadendan (19:00).
Sagredok Nafarroako historia ulertzeko asmoz idatzi du liburua, eta erresumako gazteluen inguruko ikerketak egitean topatutako aztarnetan oinarritu da. Esparru akademikoak alde batera utzitako historia islatu nahi izan du lanean, «orain arte Iruñeko Antso III. Gartzia erregearen garaitik aurrera kontatzen delako historia, batez ere». Autorearen helburua Nafarroako Erresumako sustraiak ezagutu eta Pirinioetako biztanleen egunerokoa ezagutzea izan da, hortaz.
Kultura baten omenez eginiko liburua da Vascones: doblamiento defensivo en el Pirineo. Autorearen arabera, «Pirinioetakoa baskoien eremua izan zen», nahiz eta «tamalez politikari lotutako tabu bat izan askorentzat». Pirinioek bi kultura banatzen zituztela esaten den arren —akitanoa eta baskoia—, Segredo ziur dago: «Nahasketa nabaria izan zuten».
'VASCONES': AURKEZPENA
Non. Bilboko Fnac dendan.
Noiz. 19:00etan.
Historia Pirinioetan idatzi zen
Iñaki Sagredo historialariak baskoien inguruko ikerketa lana aurkeztuko du gaur Bilboko Fnac dendan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu