Inkisidoreak utzitako samina senpertarren oroimenean zizelkaturik dago 1609az geroztik. Egur metetan erretako neskatila haien testigantza lausotzerik ez dute nahi. Senpereko Herriko Etxetik hurbil, aintzirarako bidean, Pierre de Lancre inkisidoreak lapurtar emazteak torturatzeko eta erretzeko erabili zuen jauregia dago. Kaupeneko jauregiko murruen artean babestu zen inkisidorea, herrira eta Lapurdi osora hedatzeko sufrimendua. Aguxtin Zamora poeta senpertarrak idatzi zuen elurra egiten duelarik, neskatxa haien errautsak jausten direla oraindik. Herriko etxeak Nestor Basterretxearen zizel lana ezarri zuen iaz, balizko ahaztura borrokatzeko.
Hirurogeita bost kilometro koadroko zabalera du Senperek, eta Ahetze eta Arrangoitze ditu iparraldeko mugak. Donibane Lohizune eta Azkaine mendebaldean, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi hegoaldean eta Uztaritze, Zuraide eta Ainhoa ekialdean. Auzo herrien kopuruak hedaduraren irudia ematen du. Oihanak inguratzen du herria. Iparraldera Uztaritzekoarekin bat eginez.
Hogeita hamar urtetan bikoiztu da biztanleria, 2.500 biztanletik bost mila pasara helduz. Eta azken urteotan joera hori indartuz doa. Lur gose den etxegintzak begirada gurmantaz egiten dio so Senpereri. Garai batean herriaren hezurdura zen karrika nagusia. Baina gaur egun bertatik abiatzen diren bide txikiagoek auzotegi berriak besarkatzen dituzte.
Karrika nagusietan ez da ezabatu Senperek historian ezagutu dituen uholdeen beldurra. Kasu batzuetan, triskantza ere ez. Senpere udari datxekio errealitatean. Hiru erreka aipagarrik gurutzatzen dute herria,Urdazurik, Basarunek eta Uhabiak. Urdazurira isurtzen dira Lizuniako, Opalazioko, Uzkaingo, Arraioko, Xuhailko, Etxeberriko, Tontoloko eta Amezpetuko errekak Senpereko lurretan. Uhabiara isurtzen da Zirikolatzeko erreka, eta Ostolapeko erreka, Basarunera.
Urte luzetan urari buru egitea izan da Christine Bessonart auzapezaren buruhaustea. Azkenik, lortu du administrazioaren trabak gainditzea, eta urtegi berriak ematen dion lasaitasunaz harro dago.
Euskal kulturan erreferentzia bihurtzen ari diren egitasmoak ere badaude Senperen. Herriko karrika nagusitik hurbil dagoen Oxtikenia etxeak gaztetxe, euskaltegi eta literatura biltegi funtzioa betetzen du bertze anitzen artean. Euskalgintzaren hauspoa herritarrek berritu duten etxean.
Amotze auzotegian dago Andoni Iturriotzen Larraldea baserria, eta bertan aterpetzen ditu Bertsularien Lagunak eta Seaskaren Integrazio Batzordea.
Historiaren belaunetan
Euskal Herriko txokoak. Senpere Herri Urratsek aintzira artifiziala jaiegun natural bihurtu du. Eremu zabala du Senperek, bai fisikoki, bai Lapurdiko historiari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu