Bi zenbakik, 17ak eta 18ak, garai bateko eta gaur egungo frontoiak bereizten dituzte. Durangoko (Bizkaia) Ezkurdik munduko frontoirik luzeena izateari utzi zion bi zenbaki horiek galduta. 2005ean, oroigarri bat jarri zuten horma zaharretik zutik geratzen den zatian. Bospasei metro baino ez ditu. «Frontoi zaharraren gainean eraiki zen Ezkurdi Jai-Alai berria, 1955-06-13. Horma hori da frontoi bien lekuko», dio oroigarrian. Beste pauso bat eman dute oraingoan. Durangoko Udalak frontoi zaharra eraistean galdutako bi zenbakiak marraztea erabaki du.
Ezkurdi zaharraren kantxa 72 metro zen luze. XVIII. mendean eraiki zuten. Jon Irazabal historialari durangarraren hitzetan, 1776an erabaki zuen Durangoko Udalak Ezkurdi inguruan pilotaleku bat jasotzea. «Hainbat zailtasun izan ziren, baina azkenean, 1789ko abenduan inauguratu zen. Juan Urkiza izan zen lanen gidaria. Edonola ere, ez zuen asko iraun. Denboraleak behera bota zuen eta 1881ean berriz eraiki behar izan zuten», esan du.
XIX. mendean, hainbat zaharberritze lan eta konponketa egin behar izanzizkioten. Garrantzitsuenak 1881. urtean egindako lanak izan ziren. Hala ere, udalak frontoia txiki geratu zelairitzita, handitu egin behar zela erabaki zuen. Hala, 1895. urteko San Rokeegunez inauguratu zuten Ezkurdiko pilotaleku handia, zutik egon zen bitartean munduko handiena izan omen zena. «Hala dio pilota munduko jendeak, behintzat», ohartarazi du Irazabalek.
1936ko gerra ostean, berria
XX. mendeko lehen hamarkadetan, Durangoren historiako tokirik garrantzitsuena izan zen Ezkurdi. Zesta-puntako pilota partida ospetsuak izateaz gain, folklore emanaldi handiak ere izan ziren. Politika arloko hainbat ekitaldi garrantzitsu ere egin zituzten hor, alderdi politiko eta ideologia batzuk sortzen ari baitziren garai hartan. «Hainbeste erabilita, asko hondatu zen, eta 1936ko gerrak penagarri utzi zuen», dio Irazabalek. Ezkurdi zaharretik zutik geratzen den horma zatiak, bi zenbakiok marraztu direnak, oraindik ere gerraren aztarnak ageri ditu. Metrailak utzitako zuloak ikus daitezke hortik igarotzean.
1920ko hamarkadan, frontoi berria eraiki behar zela erabaki zuten. Zaharrean, 1954. urtean ikusi zuten azken norgehiagoka. «San Antonio egunez jokatu zuten profesionalen azkeneko partida. Bolinaga eta Etxabe X.a Arriaran III.aren eta Kortabitarteren aurka lehiatu ziren». Frontoiari aguresateko, baina, Durangoko pilotarien arteko partida bat egitea ere erabaki zuten. Dioni Gallastegik eta KoldoIrigorasek Karmelo Basozabaleneta Migelin Piedraren aurka jokatu zuten.
«Berria profesionalentzako eraiki zuten. 163 urtetan herriko umeen jolastoki ere izan zen frontoi zaharra». Durangok munduko frontoirik luzeena baino zerbait gehiago galdu zuen Ezkurdi zaharra eraitsi zutenean.
Historiaren zenbakiak
Durangoko Ezkurdi zaharra munduko frontoirik luzeena zela diote pilotazaleek. Marka horren lekuko, frontoi berriak ez dituen 17 eta 18 zenbakiak marraztu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu