Udako plaza

Historiaurrea eta artea, naturarekin bat

Arteak, naturak eta Historiaurreak bat egiten dute Omako bailaran (Kortezubi, Bizkaia). Baso margotutik Santimamiñerako bidean, ingurune eder batez gozatzeko aukera dauka bisitariak.

Lander Muñagorri Garmendia.
Kortezubi
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Kortezubiko Basondo auzoan (Bizkaia) , Omako bailarari begiratzen dio XVIII. mendeko Lezika baserriak. Ereñozar mendiaren magalean dago, eta harana amaitzen den lekuan egonik, atsedentoki aparta da. Horregatik jarri zuten baserrian jatetxe bat orain dela 30 bat urte; horregatik, eta Santimamiñeko koba eta Omako baso margotua ere inguruan dituelako. Eguraldi ona lagun, inguruko aisialdirako gunean jende ugari bildu da. «Lasai egoteko leku paregabea da», dio emakume batek.

Handik abiatuta, pinudi artean, ia hiru kilometroko bidea dago Agustin Ibarrolaren baso margotura iristeko. Eta han, familiak eta bikoteak. Horixe da Omako baso margotuan dagoen profila astegun goizean. Margotutako pinuen alboan argazkiak ateratzen, edo besterik gabe artelanaz gozatzen. Forma geometrikoak direla, giza itxurako irudiak edo koloreekin jolasten duten ikuspegiak direla, basoan gora eta behera ordubete inguruko ibilaldia egin daiteke. Horretarako, lurzoruan hainbat marka daude, nondik begiratu zehazten dutenak. «Non jarri behar dut?», galdetzen dio mutil batek bere bikotekideari. «Jarri apur bat ezkerrerago. Ez duzu zirkulu bat ikusten sei enborrekin osatuta?», esan dio bikoteak. «Bai, egia! Zein ederra!».

Oma auzora jaitsiz, XVI. mendeko Zierre baserriak egiten du harrera. Eta hala badirudi ere, ez da auzoko eraikinik zaharrena. Izan ere, Andikoetxea eta Beaskoetxea XV-XVI. mende ingurukoak dira. Baserri horiek egiteko garaian haraneko kareharria erabili izan da mendez mende. Bailarako egitura geologikoak ere horretan laguntzen du. Lurzorutik arkaitz mendixka gisako hainba muino irteten baitira, kareharrizkoak. Haraneko orografia berezi hori itsasoko koral zaharren metaketatik sortu zen, eta, horren ondorioz, harkaitz iragazkorrekoa da. Horien gainean artadi kantauriarrak hazten dira, eta lurrazpian, bestalde, haitzulo eta ur putzu ugari daude. Koba horien adierazle nagusia Santimamiñeko koba da.

Euskal Herriko Historiaurreko pintura eta arrasto garrantzitsuenetarikoak topatu dira han, XX. mende hasieratik gaur arte egin diren hainbat indusketatan. Aranzadi, Barandiaran eta Eguren antropologoek egin bezala, kobetan indusketa lanetan daude hainbat gazte. «Gure historiaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutu ahal izatea zirraragarria da», dio hango gazte batek. Bisitariak ere ezagutu ditzake haitzuloak, garai bateko gizakia hobeto ezagutzeko. Hala ere, duela 14.000 urteko ingurunea ezagutzeko, inguruan emandako ibilaldiarekin zantzu batzuk hartzeko aukera izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.