Ekaingo kobazuloa Gizateriaren Ondare izendatu zutela hiru urte dira, eta, urteurrenaren harira, Ekaindarren Eguna antolatu dute gaurko Zestoan (Gipuzkoa). Finean, Historiaurrea museotik herriko kaleetara eramateko baliatuko dute eguna, eta asmo horretan bidelagun izango dituzte herriko taberna eta elkarteak.
Zestoako tabernek, esaterako, historiaurreko pintxo bira prestatu dute goizerako. Triki-bertso poteoa eta plazan jarriko duten eskulangile azoka dira ekitaldietako bi. Eskulangileek egurrarekin, harriarekin eta larruarekin landutako objektuak ezagutaraziko dituzte haien erakusmahaietan. Zestoako Bainuetxeak infusio dastatzea eskainiko du, eta haurrentzako pottokak jarriko dituzte herriko kaleetan. Goiz parteko ekitaldiekin bukatzeko, Historiaurreko teknikak erabiliz, suaren aurkikuntzari buruzko antzezlana plazaratuko du Ekaingo tribuak.
Arratsalderako, Historiaurreko tekniken erakustaldiak egingo dituzte herriko plazan, 15:30etik 17:00etara. Margoak, sua, ehizarako teknikak... Ekaingo kobazuloa herrian irudikatzeko modua egingo dute. Zaldi erakustaldiaren ondotik, burruntzian erretako arkume pintxoak dastatzeko modua izango da, 19:00etan, eta ekitaldiekin bukatzeko, musika eta dantza ardatz dituen ekimena: Kora saioa, didjeridu Australiako musika tresna, eta perkusio eta dantza afrikarrak ezagutaraziko dituzte.
Gerizpean. Uda-pasa
Historiaurrera jauzia
Ekaindarren Eguna antolatu dute Zestoan gaurko; museotik kaleetara eramango dute Historiaurrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu