Arrasateko Udaleko euskara teknikaria eta udal euskaltegiko irakaslea

Amaia Arana: «Hitanoaren transmisioa apurtu egin zen gure aurreko belaunaldian»

Hitanoa lantzeko ‘AppaHi!’ aplikazioa aurkeztu berri dute Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Aretxabaletan. Bost asteko lanketa da, «oinarri batzuk hartzeko», Aranaren hitzetan.

AMAIA ARANA
Amaia Arana, aste honetan, sakelakoarekin. GOTZON ARANBURU
unai zubeldia
2023ko abenduaren 7a
05:05
Entzun

Hutsune bat nabaritu eta hura betetzen saiatzeko sortu zuten, duela bi urte, hitanoa lantzeko aplikazio bat, Oñatin, eta aplikazio hori berritu egin dute orain Leintz Gatzagan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Aretxabaletan (Gipuzkoa): AppaHi!. Hitanoa «galtzear» dagoela ohartarazi du Amaia Aranak (Arrasate, Gipuzkoa, 1963), Arrasateko Udaleko euskara teknikari eta udal euskaltegiko irakasleak.

Hitanoari buruzko elkarrizketa bat egin al daiteke zuka?

Tira... Nik oso jende gutxirekin hitz egiten dut hika; lagun batzuekin, lankideren batekin... 60 urte dauzkat, eta dagoeneko erretiroa hartuta daude nik eurekin hika hitz egiten nuen lankide guztiak. Anaiarekin ere ez dut hika hitz egiten; hizkuntza aldatzearen parekoa da, nire ustez. Udal euskaltegiko irakaslea ere banaiz, eta ikasleek beti esaten didate oso zaila dela ohitura horiek aldatzea.  

Appa Hi!; zergatik hika lantzeko app bat?

Galtzear daukagun tratamendu bat da hika, eta, gure ustez, garrantzitsua da horren inguruan zerbait egitea. Gizartearen zati batek eskatutako zerbait da, udaleko Emakumeen Txokotik sortutakoa, emakumeentzako. Bi ikastaro izan ziren iaz, eta jende dezente mugitu zen. Ikasteko gogoa nabaritu genuen, eta, 2021ean Oñatin hitanoa lantzen hasi zirenez, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Arrasate eta Aretxabaletan ere egitasmo bat martxan jartzea erabaki genuen.

Zuen ibarrean, zein da hitanoaren errealitatea?

Errealitatea da niri, etxean, inork ez didala egin izan hika. Belaunaldien arteko haustura bat egon zen hor, transmisioa apurtu egin zen gure aurreko belaunaldian. Nire amak 90 urte baino gehiago edukiko zituzkeen orain, eta ez zeukaten gaur egun daukagun bizitza sozialik, baina bizilagunekin, ahizparekin, lehengusuekin-eta hika hitz egiten zuen beti. Aitak ere bai. Baina, arrazoi batengatik edo besteagatik, guri ez ziguten egin hika. Oso kontu orokortua da. Goierri aldean, Azpeitian..., agian, ez da gertatu haustura hori, baina toki askotan ez da egin izan azken urteotan.

Hitanoa aipatu duzu, baina toka eta noka aipatu beharko lirateke, agian?

Zalantzarik gabe. Toka gehiago gorde izan da, gizonek egin izan dutelako. Gaur egun ere gizonek gehiago hitz egiten dute; guk, emakumeok, entzun egin dugu, eta horri esker jaso dugu, baina erabilera ez da izan neurri berekoa. 

Zer bide egiten ari da 2021ean Oñatin lehen pausoa eman zuen proiektu hura?

Oñatiko errealitatea desberdina da Arrasatekoarekin alderatuta. Oñatin askoz gehiago hitz egiten da euskaraz; askoz erdaldunagoa da gure herria, eta gazteen artean jaisten ari da euskararen erabilera. Oñati beti izan da herri itxiagoa, bestelako indar bat dago han. Oñatin, eskolan ere hasi dira lantzen, baina Arrasaten pentsaezina da hori. Hori baino sakonagoa da arazoa; gure herrian jendeak ez du euskaraz hitz egiten. 

Hitanoa lantzeko app baten aurkezpenak ez zuen bide ezkorrik hartu nahi, baina...

Ez, ez. Guk egunero lan egiten dugu ilusio eta indar guztiarekin, euskarak aurrera egin dezan. 

Aplikazioak bost asteko lanketa eskaintzen du. Ikas al liteke hika hitz egiten bost astean?

Oinarri batzuk hartzen dira, gutxieneko batzuk ikasten dira, eta praktikatu egin behar da gero.

Gazteek zergatik ez dute praktikatzen? Zergatik da urruneko kontu bat, berez gertutasuneko erregistro bat bada?

Hika gertutasuna da, konfiantza da, baina zakarra, baserritarrena, gizonena... horrela hartu izan da denbora askoan. Nahigabe transmititu izan digute hori. Gaztetxoenek, berriz, entzun ere ez dute egin, ez dute ikasi, eta ezin diegu eskatu hitz egiteko.

Hitanoa galduko balitz?

Gure hizkuntzaren zati garrantzitsu bat galduko litzateke, zati goxo bat.

Lotsabako

Zergatik egin hitanoz?
Lagunartea eta lagunartekoa delako.

Baduzu gustuko duzun hitzen bat?
Eingo jonau [egingo dugu] edo lortuko jonau [lortuko dugu].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.