Hitza, musika eta isiltasuna

Harkaitz Cano idazleak eta Xabi San Sebastian musikariak 'Ahotsetan' ikuskizuna estreinatuko dute gaur Donostian

Erredakzioa
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Poesia eta Kantua ekimenaren harira, zenbait ekintza egin dituzte astelehenetik Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Azken eguna dute gaur, eta estreinu baterako gorde dute: Harkaitz Cano idazleak eta Xabi San Sebastian musikariak Ahotsetan ikuskizunaren lehen emanaldia taularatuko dute, hitza eta soinua uztartuz.

«Ahotsa bizitzaren hasiera da, ahotsa eta isiltasuna», dio Canok, ikuskizuna zertan den azaltzeko. «Hitz egin beharra eta isiltasuna behar izatea. Oihua eta marmarra. Biak daude gugan, eta biak dira literatur saio honen ardatzak, musika eta guzti».

Munduan bi ahots berdinik ez dagoela dio idazleak, «norberaren barra kodea da». San Sebastianek musika joko du zuzenean, eta ahotsen manipulazioa erabiliko dute.

Hiru poesia liburu argitaratu ditu Canok: Kea behelainopean bezala (1994, Susa), Norbaitabil sute-eskaileran (2001, EEF- Susa) eta Dardaren interpretazioa (2003, Olerti Etxea). Leonard Cohen, Leopoldo Maria Panero eta Mario Benedettiren poemak errezitatu izan ditu, Beñat Barandiaranekin egin duen Sidecar ikuskizunean.

San Sebastianek Ospela diskoa argitaratu zuen iaz.

Urriaren 20an, Bilbon emango dute Ahotsetan ikuskizuna.

'AHOTSETAN'

Noiz. Gaur, 19:30ean.

Non. Koldo Mitxelena kulturunean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.