Zygmunt Bauman itzal handiko pentsalariak Etika eta kontsumismoa: amodio eta gorroto harremana hitzaldia emango du bihar, Donostian. Soziologia irakaslea entzun nahi dutenek izena eman beharko dute 943-29 73 27 telefonora deituta edo [email protected] posta elektronikora idatzita.
Poloniarra jatorriz, hango alderdi komunistako kidea izan zen Bauman, eta judua izan arren, sionismoaren kontrako jarrera zuen. 1971. urtean Leedsko unibertsitatean hasi zen irakasten (Ingalaterra), Poloniatik alde egin ondoren.
Modernitate likidoa kontzeptua proposatzen du Baumanek gaurko garaia deskribatzeko, nahasgarria deritzon postmodernitatea hitza saiheste aldera. Gizarte erakundeak ez dira dagoeneko erreferentzia gizabanakoentzat, aldaketa azkarren garaian gaudelako. Kontsumismoa aztertu du arreta handiz, XX. mendearen bigarren erdian abiaturiko gizarte aldaketa handiaren ezaugarri nagusietako bat delakoan. Kontsumitzeko grinarekin batera, «beldur likidoak» sortu direla argudiatu du, pedofilia esaterako. Errealitatean forma eta erreferente argi eta zehatzik ez duten izuak dira, modernitateak sorturiko beldur solido, zehatz eta gogorren aldean.
ZYGMUNT BAUMAN
Noiz. Bihar, 19:00etan.
Non. Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian.
Hitzaldi likidoa Donostian
Zygmunt Bauman pentsalaria etikaz eta kontsumismoaz mintzatuko da bihar Foru Aldundian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu