Hizkuntzarekin jolasean

Juan Mari Agirreurretak irabazi du AEDk antolaturiko Euskal Herriko palindromo lehiaketa. Alderantziz berdin irakurtzen den adierazpen kapikua da palindromoa.

Adrian Garcia.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitz, esaldi edo zenbakia da palindromoa. Grekotik datorren hitza da, eta atzera korrika esan nahi du. Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) euskara elkarteak antolaturiko Euskal Herriko palindromo lehiaketa irabazi du Juan Mari Agirreurretak.

Lan laburra aurkezteko aukerak konbentzitu zuenAgirreurreta. Haren palindromoak jaso du Euskal Herriko hoberenaren aitortza: Utzi penak ane, piztu!. Hitz jokoak gogoko dituela aitortu du Agirreurretak, baina palindromoaren berririk ez zuen lehiaketan parte hartu zuen arte. «Ideia polita iruditu zitzaidan eta palindromoak egiten hasi eta batzuk aurkeztu nituen». Euskara, frantsesa eta gaztelerako irakaslea izaki, hizkuntzekiko zaletasun handia du Agirreurretak.

Palindromoak asmatzerakoan esaldi arraroak atera ohi direla aitortu du lehiaketako txapeldunak. « Tarteka, zorte kolpe batekin esaldiak zentzua hartzen du eta ongi ateratzen da», esan du Agirreurretak.

Ez da erraza palindromoak asmatzea. Atzetik irakurrita zentzua duten hitzak bilatzea da gakoa. Hala egin zuen lehiaketako garaileak: «Piztu eta utzi hitzek jokoa zutela ikusi nuen eta ondoren erdikoa betetzen joan nintzen».

Debako Txindurri-Iturri landetxe sagardotegian bi lagunentzako sagardotegi afaria eta logela irabazi du Juan Mari Agirreurretak.

Ogiaren irinera igo; Atzean sena, eta barregura karu gerra batean esna ezta?; eta Atzo, arotza, zeruak erreka urez aztora ozta palindromoak aipatu dituzte antolatzaileek lehiaketan aurkezturiko bitxienen artean.

Gustura azaldu da Melina Lopez AEDko teknikaria eta txapelketako antolatzailea lehiaketaren emaitzekin. «Lehenengo lehiaketa izanda eta kontuan hartuta ez dela gauza erraza eta ezaguna, oso pozik gaude parte hartzearekin». Hurrengo urtean lan gehiago jasoko dituztela aurreikusi du Lopezek.

Euskal Herri osotik bidali dituzte antolatzaileek jasotako 47 palindromoak. Besteak beste, Bilbo, Donostia, Pasaia, Irura, Eibar eta Aretxabaletatik bidali dituzte lanak. «Lehiaketak oihartzuna izan duela ikusi da», aitortu du Lopezek.

Askorentzat ezezaguna den terminoa izan badaiteke ere, AEDrena ez da Euskal Herrian egin den lehenengo palindromo lehiaketa. AEDko teknikariak azaldu duenez, 1923an Ebaristo Bustintza Kirikiño idazleak lehenengo palindromo lehiaketa antolatu zuen Euzkadi egunkarian. Bi hilabetetan 150 palindromotik gora jaso zituztela uste da. «Geroztik hona ez da besterik egon, guk dakigunez», aitortu du Lopezek.

Ulergarria eta zentzuduna izatea da epaimahaiak erabili duen irizpide nagusia sariak ematerako orduan. Luzera kontutan hartu badute ere, ez da erabakigarria izan. Horrez gain, balio literarioa, adierazten duen ideia, hiztegia, simetria eta gatza edukitzea baloratu dituzte epaimahaikideek.

Hizkuntza lantzeko aukera polita zela ikusi zuten AEDko kideek, hitzekin eta euskararekin jolasteko abagunea eskaintzen baitu jokoak. «Zerbait bitxia bilatzen genuen. Laburra denez, jendeari hurbiltzeko erraza zela ikusi genuen», azpimarratu du Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.