Euri zaparrada gogorrek eta haize zakarrak ez dituzte kikildu ganaduzaleak. Urteroko tradizioari jarraituz, hainbat lagun bildu dira Gernika-Lumon (Bizkaia) urriko lehen asteleheneko azokan. Azken urteetan bezala, bi egunez egin dute lehiaketa, Santa Anako aparkalekuan. Igandean lehen aukeraketa egin zuten, eta atzo eguerdian saritu zituzten piriniar arrazako abelburu onenak. Jon Koldo Bikandi iurretarrak irabazi du ganadutegi onenari dagokion saria. Epaileen esanetan, aurkeztu duen taldea «berdintsuena eta kalitate handikoa» izan da. Aurreko urteetan ere berak jaso izan du sari hori, eta aurten beste bost eskuratuta itzuli da etxera.
Euskal Herriko makina bat tokitatik ekarri dituzte lehian parte hartu duten 117 abelburuak. Ganadutegi gehienak Bizkaikoak izan dira, baina Gipuzkoako sei, Arabako bat eta Nafarroako hiru ere izan dira Gernika-Lumoko sariketan. «Izenak dioen modura, Pirinioetan hazten den behi arraza da honakoa», azaldu du Koldo Bilbao antolatzaileak. Edonola ere, ganadutegi gehienak Euskal Herrian kokatuta daude; batez ere, Nafarroan. «Herri basoetan bizi izan da betidanik, eta horri esker, mendian ibiltzera eta baldintza txarretara ohitutako arraza bat da». Hala, bizi-itxaropen luzea dauka.
Urtetik urtera kalitate hobeko abelburuak izaten dira Gernika-Lumoko azokan parte hartzen dutenak. «Arraza hobetuz doala ikusten dugu». Horretarako, hobekuntza genetikoa lantzen duen programa bat dauka piriniar arraza sustatzeko elkarteak. «Emaitza ona ematen ari da», Bilbaoren esanetan. Abelburuak hobeak dira, eta haragi gehiago ematen dute. Hain zuzen ere, haragitarako hazten dira arraza honetako abelgorriak. Hein berean, emeek geroz eta esne gehiago ematen dute, eta erditze errazagoak dituzte, ezaugarri morfologikoen hobekuntzari esker.
Sektorearen krisia mintzagai
Ganaduzaleek, lehiatzeko ez ezik, elkarri beren esperientzien berri emateko aprobetxatzen dute urriko lehen asteleheneko feria. Besteen abelgorriak ikusi, eta hazteko zer-nolako komeriak izan dituzten kontatzen diote elkarri. Bilbaoren esanetan, sektoreak krisi latza du. «Haragitarako behien krisia aspaldikoa da, gaur egungo ekonomia krisi orokor hau baino dezente zaharragoa». Esate baterako, haragiaren prezioa duela hamar urtekoa da. Ez da batere igo. Bai, ordea, pentsuarena eta garraioarena. «Behi hazkundeari lotutako kostuek gora eta gora egiten dute, etengabe».
Horiek hala, zaila da abeltzain kopurua mantentzea. Krisiak abeltegi asko ixtea dakar, eta ez dago lekukoa hartu nahi duen gazterik. «Nor hasiko da behiak hazten, aurretik baldin badaki dirua galduko duela?». Gaur egungo abeltzainek ogibideari eusten badiote, beren lana maite dutelako da. Hala uste du Bilbaok. Egoerak izan dezakeen behin-behineko konponbide bat diru laguntzen aldetik etor daiteke. Baina Europako legediak debekatu egiten du abeltzaina zuzenean laguntzea. «Moduren bat aurkitu beharko da sektorea erakargarri eta errentagarri bihurtzeko».
Bi urteko hamazazpi eme ernari saldu ziren igandean egindako enkantean, 1.600 euroan batez beste. Txakolina, gazta, ogia, eztia eta baserriko hainbat produktu ere izan dira salgai, 30 erakusmahaitan. Bi egun hauetan Eusko Label kalitate ziurtagiriko 300 kilo haragi saldu dira, pintxotan.
Hobetuz doan arraza
Piriniar arrazako abelgorrien 25. azoka egin dute Gernika-Lumoko urriko lehen asteleheneko azokan. Jon Koldo Bikandik irabazi du ganadutegi onenaren saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu