Urte luzez Donostian egin zuten El Sol Publizitate Komunikazioaren Jaialdi Iberoamerikarra. Baina Bilbon egiten dute duela bost urtetik hona, eta aurten 1.500 parte hartzaile baino gehiago izango dituzte Bizkaiko hiriburuan. Marketin topaketa bat egingo dute gaur, jaialdiaren aurreneko egunean. Bestetik, Eva Santos Proximity Worldwide-ko sortzaileak La muñeca que eligió conducir (Gidatzea erabaki zuen panpina) kanpainaren arrakastari buruz hitz egingo du. Hainbat tailer egingo dituzte egun osoan.
Bihar, Youtube-ko Nadav Perryk hitzaldia emango du; Paul Feldwich aholkulariak bere hitzaldian adieraziko du ez direla publizitatearen inguruko teoria guztiak sinetsi behar. Hitzaldi bana emango dute baita ere Alfon Marianek, Alvar Suñolek eta Malcom Poyntonek.
Larunbat goizean, finantza-marketinaren inguruko mahai-inguru bat egingo dute. Solaskideak honakoak izango dira: Silvia Bajo (Bankia), Maria Alonso (ING) eta Gonzalo Saiz (Bankinter). Scoper Brasil konpainiako zuzendari Graziela di Giorgik marka berritzaileen pentsamoldeari buruzko hitzaldia emango du.
Sariak banatzeko ekitaldia larunbatean egingo dute Euskalduna jauregian, 18:30etik aurrera. Hamasei ataletan, 1.637 lan izango dira lehian.
Euskal Herriko agentziek aurkeztutako sei iragarki daude aurten lehian, baina horietako bakar bat ere ez da euskaraz. Iaz, euskarazko pieza bat lehiatu zen lehen aldiz.