«Nostalgia ondo dago. Duela 30 urteko garai haiek onak izan ziren, baina ez gara horretan gelditu behar. Orain ere irudimena eta pasioa behar da garai berrietara egokitzeko». David Barbero kazetariaren hitzak dira, zeinak duela gutxi erretiroa hartu duen. EITBren 30. urteurrena gogoratzeko galan egin zituen, atzo, Oscar Terolek prestatutako ekitaldian. Barberorekin batera, urteotan ETBko aurpegi ezagunak izan direnak agertu ziren oholtza gainean, euskara eta gaztelania tartekatuz. Ilazki Serranok eta Carlos Soberak aurkeztu zuten gala, eta umorerako tartea ere izan zen, Asier Hormaza, Santi Ugalde, Anjel Alkain eta Iñake Irastorzaren eskutik. Terolek berak Mr Beani omendaldi txiki bat egin zion.
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak, berriz, nabarmendu zuen baliabide gutxi baina ilusio handiarekin sortu zela irrati eta telebista publikoa. «Audientziarekin lortutako afektuak ere nabarmendu nahi ditut». Surioren ustez, etorkizunari begiratu behar dio EITBk. «Eta ahalik eta adostasun handiena lortu behar da. Krisi ekonomikoaren erruz ezkortasun olatu batek astintzen gaituen une honetan, zerbitzu publikoa aldarrikatu behar dugu, gizarte demokratiko bati oxigenoa ematen baitio».
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen ETBk gaur egun zerbitzu moderno bat eskaintzen duela, «euskara eta euskal kultura sustatzen dituena». Azkenaldian batzuk telebista kate publikoak zalantzan jartzen ari dira. «Horren aurrean, EITBk bere garrantzia erakutsi du, eta kalitatezko programazio bat eskaintzen du. EITB euskal gizartearen eskutik hazi da, eta garai berriei erantzun die. Zerbitzu publikoak zalantzan jartzen ari diren une honetan, EITBk baliozkoa eta beharrezkoa dela erakutsi du». Lopezentzat, «erreferentziazko zerbitzu bat» eskaintzen du EITBk, «euskal gizarteak berea sentitzen duena».
Ekitaldian hainbat arlotako ehunka pertsona izan ziren. Lehendakarigaien artean, Lopezekin batera, EAJko Iñigo Urkullu eta EH Bilduko Laura Mintegi izan ziren. PPko Iñaki Oiarzabal, Ezker Anitzako Mikel Arana eta UPDko Gorka Maneiro legebiltzarkideak ere izan ziren Bilbon. Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Iñaki Zarraoa EITBko zuzendari nagusi ohia eta Bingen Zupiria ETBko zuzendari ohia ere gerturatu ziren ekitaldira. Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu ereizan ziren galan; tartean, Blanca Urgell Kultura sailburua.
Ekitaldiaren aurretik, EITBko langileek elkarretaratzea egin zuten, Murrizketa gehiagorik ez! Zerbitzu publikoak garatu! lelopean. Ospatzeko gauza handirik ez dagoelakoan dago ETBko langile batzordea, «desagertu ez izana ez bada behintzat». Langileek diotenez, «gobernu eta alderdi politikoek euren interesetarako tresna gisa erabili dute ETB». Etorriko diren berriei hauxe eskatu diete: «ETB Euskal Herri osorako kalitateko zerbitzu publikoa izan dadin berma dezala»
'DBH' telesaila aurki ETB1en
Galaren aurretik, ETBk denboraldi berrirako programazioa aurkeztu zuen atzo. Eta edukien artean, berrikuntza nabarmenena ETB1eko DBH telesailaren estreinaldia izango da. Umorezko saio horrek ikastetxe bateko irakasleen gorabeherak kontatuko ditu. Zuzendari berezi bat izango du, arazoak beste kideei pasatzen iaioa dena. Gizarteko irakaslea ez da batere jendezalea, euskara irakaslea ere ez da arrunta, eta matematikakoari kontuak ez zaizkio ateratzen. Soinketakoak beste guztiak izerditan jarriko ditu. Zientzietakoa, berriz, naturala da, bizitza bezain naturala. Nagore Aranburu da saioaren zuzendaria, eta gidoilariak, Mikel Pagadizabal eta Egoitz Lasa. Aktoreen artean, Ramon Agirre, Elena Irureta, Asier Sota eta Xabier San Sebastian daude. Aktore zuzendaria Anartz Zuazua da. Elkarrizketek garrantzi handia izango dute kamera finkoan grabatutako saio horretan. Astean behin 40 minutuko saioa emango dute prime time-an. Astelehenetik ostegunera, berriz, 10 minutuko tarteak.
ETB1eko beste saio berri bat Kontuz, atsuak! izango da. Anjel Alkain eta Iñake Irastorza, atsoen rolean, erreportari lanetan ibiliko dira. Igandean, Kontxako Banderari buruzko saio bat egingo dute, eta hilaren amaieran, Donostiako Zinemaldian murgilduko dira. Urritik aurrera astero emango dute Kontuz, atsuak!.
Larunbat gauetan Kantuan lehiaketa ikusi ahalko da euskarazko katean.Hilaren 17an, Goenkale-ren 19. denboraldia hasiko da. Honako hauek izango dira aktore berriak: Isidoro Fernandez, Naiara Arnedo, Tania de Roberto, Karmele Larrinaga, Amaia Arkotxa, Zuriñe Benavente, Xabier Erauskin, Erika Olaizola, Eneko Sagardoi, Gaizka Segui, Eriz Alberdi eta Iñigo Gastesi. Hilaren 19an, berriz, Xabier Euzkitzeren Bisitaria itzuliko da. Aurten ETB1ek ez du Txapeldunen Ligako partidarik emango.
Bestalde, ETBn dokumental sorta berezi bat prestatzen ari dira azken 30 urteotako gertakizun garrantzitsuenekin.
Komunikazioa
Hogeita hamar urteko hegaldia
Laura Mintegi (EH Bildu), Patxi Lopez (PSE) eta Iñigo Urkullu (EAJ) lehendakarigaiak EITBren 30. urteurreneko galan izan zirenKultura, gizarte eta politikako ehunka lagun bildu ziren atzo EITBren Bilboko egoitzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu