Komunikazioa. Ekografiak

Hogga, hogga

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Iragarkiekin jarraitzeko, seguru ikusi duzuela: Gabonen karietara, Olentzeroren kanta abesten jarri ditu Athletic eta Realeko hainbat jokalari EITBk. Athleticekoak dira zuzendaria eta bost tenore (galdetu ondoren jakin ditut izen guztiak): batutarekin, Iker Muniain; batutari jarraituz, Ander Iturraspe, Jon Aurtenetxe, Mikel San Jose, Gaizka Toquero eta Ibai Gomez. Realekoak, berriz, bat eta lau, gol bat gutxiago hasteko beraz (hemen ere galdetu ondoren jakin ditut izen guztiak): Antoine Griezmann gidari lanetan; Asier Illarramendi, Carlos Martinez, Gorka Elustondo eta Iñigo Martinez kantuan. Eta ez dut zalantzarik munduan denik eta borondaterik onenarekin egindako iragarkia dela. Baina batzuetan ez da nahikoa; ez da borondate kontua.

Ezen iragarkiak umoretsua izan nahi baitu. Eta lehenengo kolpea segituan dauka: Muniainek ez dio gabon-kantari tonua hartzen. Griezmanni deitu, eta hark ematen dio. Baina iragarkiak goia jotzen du jarraian, umore antologia oro beztitu beharko lukeen gag-a oparituz. Ez ahantzi, Griezzmann frantsesa da, Borgoinako Maçongoa, eta, ondorioz, ez daki ondo ahoskatzen rr hotsa (ez Iñaki Antiguedadek bezain ondo, alegia). Illarramendik kantua gelditzen du. Muniaini hots egin, eta zuzentzen da okerra. Noski, txantxa bat baino ez duk, gizona, ez hadi jar hain serio. Umorerik ez daukak batere. Ja. Baina, Iñigo Aranbarrik gaztigatu bezala, grazia egiten dit zeinen erraz egiten dugun barre frantximantaz, kanpokoaz, besteaz, zeinen ase geratzen garen, eta zeinen lasai pasatzen dugun Muniain iruinsemeak Olentxero, Olentxero tai gabe errepikatzea. Jakin nahiko nuke hogga, hogga horren lepotik barre egiten duten zenbatek esaten duten tx, beharko lukeen tokian tz. Dei diezaiotela Griezmanni nola ahoskatzen den galdetzeko, bideoan primeran egiten du eta.

Iragarkia gutxi balitz, adi gaur gauekoari. Kantuan jarriko ditu berriz jokalariok Euskal kantuen gaua saioak. Bai, garai batean Oskorrik eraman eta Gabon gaua alaitzen digun famatu usteen kantu saioak —kantu ahaleginak, erran nahi baita—. Ez dira gonbidatu bakarrak izango. Ikusteko modukoa izango da Jose Luis Bilbao eta Martin Garitano diputatuek egingo duten duetoa. Bilbao ikusi izan dugu gintza horretan, DJ DG, kanpaina betean. Ikusiko Garitano heltzen den maila horretara —erridikulu maila horretara, erran nahi baita—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.