Zientzialarien artean ez dago adostasunik Homo sapiens-a Europara noiz iritsi zen mugatzeko. Eztabaida bizia da gaur egun paleantropologo eta gainontzeko espezialisten artean. Jakina da orain dela 35.000-40.000 urte bazirela Europan gizaki modernoak. Urte kopuru horiek handitu egin beharko liratekeela uste dute ildo baten alde egiten dutenek. Hain justu, aurreko astean Nature aldizkarian bi ikerlan argitaratu zituzten norabide horretan. Lan horien ondorioa da Homo sapiens-a uste baino milaka urte batzuk lehenago iritsi zela Europara, orain 45.000-43.000 urte inguru.
Zergatik dauka, ordea, hainbesteko garrantzia gizaki modernoaren etorrera aurreratzeak? Ondorio zuzenak izango lituzkeelako historiaurreko aroei dagokienez. Adosturik da Moustierreko kultura neanderthalak garatu zuela, orain 125.000 urtetik 30.000 urte ingurura. Haren ondotik iritsi zen Uluzzoko kultura —Grotta del Cavalloko aztarnategian baino ez da azaldu—, baita Aurignacekoa ere. Harrizko lanabes sofistikatuak ekoizteko gai ziren Uluzzoko kultura hori garatu zutenak; teknologia aurreratuaren jabe ziren. Homo neanderthalis-a kokatzen da kultura horretan, baina ez dago argi hark bere kabuz garatu ote zuen teknologia aurreratu hori ala jauzia Europara iritsitako lehenengo Homo sapiens taldeen eraginez gertatu ote zen. Benetako galdera, zientzialarien arteko eztabaidaren erdi-erdian dagoena, hauxe da: gaitasun sinbolikoa ote zuten neanderthalek hezurrezko eta pigmentuzko apaingarriak erabiltzen zituzten kultura aurreratuak garatzeko?
Stefano Benazzi (Vienako Unibertsitatea) buru duen nazioarteko zientzialari talde batek sinatzen duen artikulu batean, Grotta del Cavalloko aztarnategian (Apulia, Italiako hegoaldea) aurkitutako bi hortzen datazioaren emaitzak azaltzen dira. Homo sapiens-aren fosil horiek duela 45.000-43.000 urtekoak dira, teknologia aurreratuarekin egindako datazioaren arabera. Hortz horiek neanderthal bati egotzi zizkioten 60ko hamarkadan. «Anatomia mailako gizaki modernoarenak direla frogatu da», dio ikerlanak.
1964an Alessandro Palma di Cesnolak aurkitu zituen bi esne hortzak. Uluzzoko kulturaren aztarnak dituen lur mailan aurkitu ziren. Hortzak neanderthal banako batenak zirela uste izan zuten, eta ideia horrek, gainera, Uluzzoko kultura neanderthalek garatu zutelako ildoa indartu zuen.
Orain, berriz, Grotta del Cavalloko fosilen azken datazioak irauli egin du hortzen jabearen auzia. Homo sapiens gazte batenak ziren. Horrek esan nahiko luke Homosapiens-ak eta neanderthalak aldi berean bizi izan ziren denbora tartea milaka urtetan luzatu beharko litzatekeela —duela 30.000-35.000 urte galdu zen Neanderthalgo gizakia—, eta ondorioz, Uluzzoko kulturaren eragilea nor izan zen auzian egongo litzateke.
Nature-n azaldutako ikerlanaren zientzialarien ustez, Uluzzoko kultura Homo sapiens-ak sorraraziko zuen beharbada, edo gutxienez haien eraginarengatik sortuko zuten neanderthalek. Dena den, eta datazioak datazio, aldagai gehiago hartu behar dira kontuan ezer segurutzat jo aurretik, adibidez, Europako kolonizazioa Homo sapiens-aren uholde bakarrean gertatu ote zen edo hainbatetan, baita Europan barna lehen gizaki moderno horiek zein ibilbideri jarraitu zioten ere.
Kenteko masailezurra
Teknologia berrienek orain hamarkada batzuk egindako datazioen okerra agerian utzi dute azken urteotan hainbat kasutan. Grotta del Cavalloren hortzekin bezala, Kenteko (Ingalaterra) masailezurrarekin ere datazio berriak egin ditu Tom Highamek zuzendutako taldeak, eta, halaber, Nature-n eman dute ondorioen berri. 1927an aurkitu zuten masailezurra Kenteko haitzuloan. 1987an datatu zuten erradiokarbono proben bidez. Orain dela 35.000 urtekoa zen antza. Haatik, Oxfordeko Unibertsitateko taldeak ezbaian jarri du orain. Torquayko Natur Historiako Museoan gordetako animalia batzuen fosilak baliatuz beste datazio batzuk egin dituzte, masailezurra bera duela 80 urte baino gehiago atera baitzuten lur azpitik —ez dago zorrotz datatzeko modurik—. Edonola, masailezurra duela 43.000 urtekoa dela da ondorioa.
«Homo sapiens banako batena da; duela 40.000 urte baino gehiago gizaki modernoa Europa osoan zehar zabaldu zela erakusten du honek», diote Nature-ko artikuluan. Kenteko haitzuloan aurkitutako lanabesak, Aurignaceko teknologiaren erakusle direnak, neanderthalak ez baina Homo sapiens-ak egindakoak direla esaten dute. Moustierreko kultura baino aurreratuagoa da Aurignacekoa. Kontua da orain arte lanabes mota aurreratu horiekin batera ez zela azaldu inoiz ere Homo sapiens-en arrastorik Kenten.
Datazio berri horiek zalantzan jarri dituztenak ez dira falta. Azkenean, Neanderthalgo gizakiari gaitasun sinbolikoa ukatzea dago Homo sapiens-aren etorrera aurreratzeko saio hauetan, paleontologo batzuen iduriko. Haien arabera, frogaturik dago neanderthalek duela 50.000 urte baino gehiago apaindurak erabiltzen zituztela eta margotzen zutela. Cartagenako (Espainiako hegoaldea) Cueva de los Aviones haitzuloko aztarnategia jartzen dute baieztapenaren berme gisa.
Ezarian. Zientzia
'Homo sapiens', noiz iritsi zinen Europara?
Gizaki modernoa Europara uste baino milaka urte batzuk lehenago iritsi zela ondorioztatu dute aspaldian aurkitutako hainbat fosil berriro datatu eta gero. Neanderthalgo gizakiaren gaitasun sinbolikoa ukatzea ekar lezake 'Homo sapiens'-a Europan 3.000-5.000 urte inguru lehenago kokatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu