Plastikozko botila batek ehunka urte behar ditu desagertzeko,zigarrokin batek urtebetetik bi urtera, beirazko botila batek 4.000 urte, tetrabrik batek 30 urte, plastikozko tapoi batek 100 urtetik gora eta poltsa batek 150 urte inguru. Tamaina handiko hondakinek adina kalte egiten diete ingurumenari tamaina txikia dutenek. Herritarrak horretaz jabetzeko helburua du Langraizko espetxeko (Araba) hamabost presok landutako Txikia garrantzitsua da argazki erakusketak. Gasteizko EHUko Gizarte Langintzarako Unibertsitate Eskolan egongo da ikusgai, ostiralera arte.
Gasteizko Eraztun Berdearen edertasunari eta hondakin txikiek ingurumenari egiten dioten kalteari jarri dio arreta erakusketak, presoek ateratako hogei argazkiren bitartez. Hiria inguratzen duen aisialdirako natur eremu handi bat da Eraztun Berdea, eta bertan topa daitezkeen goxokien papertxoak, zigarrokinak, tabako eta txikle paketeak, paperezko mukizapiak eta plastikozko botilak ikus daitezke argazkietan. Abuztuan aritu ziren Langraizko presoak Eraztun Berdeko baso, lorategi, ibai, hezegune eta landetako bazter oro bisitatzen, lehen begiratuan ikusten ez ziren hondakinak topatu eta haiei argazkiak ateratzeko. Guztira, 300 argazki baino gehiago lortu zituzten, eta horien artean aukeraketa egin, testuak idatzi eta erakusketaren panelak prestatu zituzten. «Erakusketa honen bitartez, ingurunera botatzen ditugun hondakin txikiek duten garrantziari buruzko ardura kritikoa zabaldu nahi dugu», azaldu du Valentin Arteagak, Reincorpora presoak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuaren koordinatzaileak, erakusketaren aurkezpenean.
Lan esperientzia
Espetxea atzean utzi eta aske geratzen direnerako, lan esperientzia hartzen ari dira Langraizko hainbat preso, «gehienek ez baitute lan egiteko ohiturarik», dio Arteagak. Hala, Eraztun Berdeari buruzko erakusketa lantzeak curriculuma osatzeko ere balio izango die.
Lucia, Papa, Guillermo eta Patxi presoek proiektuan parte hartu dute, eta atzoz geroztik unibertsitate eskolan igarotzen dute goiza, erakusketaren inguruko xehetasunak bisitariari azaltzeko prest. Pozik daude esperientziarekin. Azaldu dutenez, herritarrak sentsibilizatzeko ez ezik, ingurumena gehiago maitatzeko ere balio izan die proiektuak:«Gasteizko parkeak oso ederrak dira, eta ez da normala herritarrek hainbeste zabor botatzea. Ideia zoragarria izan da, eta oso pozik nago emaitzarekin. Orain gehiago aintzat hartzen dut hondakinen arazoa», azaldu du Papak. «Duela hainbat hilabete erretzeari utzi nion, baina orain jabetu naiz ez nituela zertan zigarrokinak lurrera bota», dio Guillermok.
Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin elkarlanean aritu dira erakusketa prestatzeko, eta, ondorioz, animaliak eta landareak hobeto ezagutzeko aukera ere eman die ekimenak. 19 urte ditu Patxik, eta ezezagunak zitzaizkion zuhaitzen izenak ikasi ditu erakusketarekin: «Asko ikasi dut, eta ez dut baztertzen etorkizunean honetan aritzea, naturarekin lotutako jarduerakgustuko ditut eta».
Hondakin txikiari, klik
Langraiz kartzelako hamabost presok Gasteizko Eraztun Berdeari buruz egindako argazki erakusketa ikus daiteke aste honetan EHUko Gizarte Langintzarako Eskolan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu