Bilboko Aste Nagusia

Hontzak konpartsaren dekorazioa kendu du Ertzaintzak, gotzaingoaren salaketaren ondorioz

"Vatikanoko harategiak" izeneko dekorazioa kentzera joan dira. Gotzaingoaz gain, Bizkaiko Alderdi Popularra ere kexatu da.

Horrela gelditu da txosna. ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 21a
07:37
Entzun

Goizean goiz, hainbat ertzain Hontzak konpartsaren txosnan agertu dira, bertako dekorazioa kentzeko, gotzaingoak salaketa jarri ondoren. Igande arratsaldean aurkezu zuen salaketa, txosnak "biraozko" edukiak zituelakoan. Bilboko 3. Instrukzio Auzitegiak bart agindu zuen eduki horiek kentzeko eta bertan zeudenak identifikatzeko.

[Youtube]https://youtu.be/4PvGfcozuaE[/Youtube]

Hainbat erabiltzaile kexatu dira sare sozialetan:

Hontzak konpartsaren dekorazioak "Vaticanoko harategiak" du izena: Kristo gurutziltzatu bat ikus daiteke, eta giza gorputzaren zatiekin osatutako harategi bat; hauxe irakur daiteke: "Hartu eta jan, hau nire gorputza baita".

Bertan zen Fernando Garcia Regido Hontzak konpartsako kidea polizia heldu denean. “Hiru furgoneta etorri dira goizeko hamarrak laurden gutxi inguru, eta esan digute agindu judizial bat zeukatela, eta gure txosnaren dekorazioaren parte garrantzitsu bat kentzeko. Kristo zatituaren irudia kendu digute, eta dekorazioaren izena: “Carnicerías vaticanas”. Esan digute apezpikutzaren salaketa bat bazegoela eta baita partikular batzuen beste salaketaren bat ere. Konpartsako kide batzuk Identifikatu gaituzte, eta hori izan da dena”.

Baziren egun batzuk Hontzak konpartsako dekorazioa hedabideetan aipagai bihurtua zela. Polemika bazegoela bazekiten, beraz, konpartsako kideek, baina ez zuten neurririk espero. “Nahiko polemikoa izan da dekorazioa, eta ez genuen pentsatzen benetan zerbait egingo zutenik. Gure ustez, hau adierazpen askatasunaren adierazpen bat besterik ez da, eta mozal legearen aurkako ekintza bat”.

Dekorazioa kendu dietela salatzeko asmoa du konpartsak, baina umorez eta jai giroan, betiere. Garcia Regido: “Oraingoz, kartel bat jarriko dugu zentsura eklesiastikoa salatzeko”. Eguneko batzarra egin gabe dute oraindik, eta bildu gabeak dira beste konpartsekin, baina umorea baliatuko dutela ziurtzat daukate Hontzak konpartsakoek. “Egingo duguna umorez eta giro onean egingo dugu, barre egiteko jende horren kontura, horrek izorratzen baititu gehien”.

Gogoetatzeko eskatu die Aburtok

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok "hausnarketa" egiteko eskatu dio konpartsari. "Badakite zer sinesten dudan, eta ez zait batere gustatu". Konpartsakideei mintzatuz, esan die pentsatzeko "dibertigarria iruditzen zaien, edo pentsatzen duten jendea saminduko zutela".

Joan den larunbatean, Bizkaiko Alderdi Popularrak bat egin zuen gotzaingoaren kritikekin, eta adierazi "aberrazio" bat zela dekorazioa. "Erlijioa alde batera utzita, gizakiaren duinasunaren kontra egitea" dela salatu zuten.

EH Bilduri "larria" iruditu zaio Ertzaintzak txosnako dekorazioa kendu izana. Alba Fatuarte zinegotziak adierazi du "erasoa gotzaintzaren salaketen ondorioz eta Aburtoren atzoko adierazpen moralizatzaileen ostean" jazo dela: "Onartezinak dira umorearen, kritika soziopolitikoaren eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoak".

Hontzak konpartsaren erantzuna

Jasotako kritiken aurrean, Hontzak konpartsak komunikatu bat argitaratu du haien Facebookeko orrian. Bertan diote umoreari ezin zaiola "inolako mugarik ipini" eta hori delaa "ariketa honekin aldarrikatzen" ari direna. Adierazi dutenez, dekorazioa egitean "desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunezko ariketa praktiko bat egitea" bilatu dute, eta salatu dute haiei ere ez zaizkiela gustatzen erlijio katolikoko fededunek egiten dituzten errituak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.