Ohi bezala, San Sebastian egunean, danbor doinuz beteko dituzte kaleak Donostiako eskoletako gaztetxoek, haur danborradan. Eguerdian abiatuko da, eta, guztira, 4.906 haurrek parte hartuko dute. 45 ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute, 52 konpainiatan banatuta.
Hala ere, ikastetxeko danborradak eta danborrada bereziak kontuan hartuta, haur gehiagok parte hartuko dute San Sebastian eguneko ospakizunetan. Hain zuzen ere, haiek kontuan hartuz, 7.400 inguru izango lirateke.
Errekalde Gastronomia Elkarteko Josu Gomez Manterola izango da aurten haur danborradako Danbor Nagusia. Jenerala eta Easo Ederra, berriz, Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxekoak izango dira. Ander Achucarro Artolak beteko du Jeneralaren rola, eta Claudia Fernandez Gutierrezek Easo Ederrarena.
Aurtengo karrozan, Easo Ederraz eta bi damez gain, beste lau bikote joango dira, eta emakumeek antzina jorratzen zituzten lanbide batzuk antzeztuko dituzte. Garai hartako janzkera eramango dute soinean, eta lan horietan erabiltzen zituzten tresnak izango dituzte lagun: batelariek arrauna, urketariek pegarra, iñudeek panpina, eta iruleek hari ardatza.
Festa, Oihulari Klownekin
San Sebastian eguna iritsi aurretik, ordea, gaztetxoek izango dute jaiaz gozatzeko aukera; haur danborradaren festa egingo baitute asteazken eguerdian Viktoria Eugenia antzokian.
Konpainia guztietako haurrek parte hartuko dute, eta San Sebastian egunerako giroa berotzeaz gain, danborradako pertsonaia berriak eta karguak aurkeztuko dituzte. Oihulari Klownek parte hartuko du ekitaldian, eta hainbat esketx eskainiko dizkie haurrei. Gainera, antzokia zoriontzeko baliatuko dute ekitaldia, 100 urte beteko baititu aurten. Horrekin batera, Donostiako gaztetxoei hiria 2016an Europako Kultur Hiriburu izatearen garrantzia azaltzeko baliatuko dute eguna.
Ia 5.000 gaztetxok parte hartuko dute haurren danborradan
Asteazken eguerdian haur danborradaren festa egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu