Rafael Urizar. Zaldibarko Udaleko Kulturako, Kiroleko eta Jaietako zinegotzia

«Iazko aurrekontuari eutsi diogu, eta jai txukunak antolatu ditugu»

Adrian Garcia.
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Rafael Urizar Zaldibarko Udaleko zinegotzia buru-belarri ibili da festen prestakizunetan. Krisiak krisi, jaien aurrekontuari eustea lortu dute, ahalik eta jai txukunenak eskaintzeko.

Egitarau orekatua prestatu duzue.

Denetatik dago egitarauan. Jai batzordean sartuta dauden elkarte eta nahi izan duten pertsona partikular guztiek parte hartu dute. Bakoitzak ekarritako proposamenak aztertu eta denon artean erabaki dugu. Horrela ateratzen ditugu ekintzak aurrera. Diruaren aldetik gauzak dauden bezala, kontrol txiki bat jarri beharra daukagu. Azkenean, pentsatu diren ekintza guztiak egingo dira.

Kirolen aldetik ere, ekintza ugari izango dira.

Jaiak ofizialki gaur [atzo] hasi dira, baina aurreko asteburuan, hiru egunean, futbito maratoia jokatu zuten. Horrez gain, Bizkaiko eskolen arteko txirrindulari lasterketak eta gazteen mailako lasterketak ere egon dira. Mota askotako kirolak izango dira.

Musika aldetik ere, indartsu datoz festak.

Euskal Herriko trikitilari txapeldunek joko dute. Zaldibarko Udalak urtero Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketa antolatzen du. Txapeldun irteten direnek hilaren 8an jotzen dute beti herrian. Kalejirak eta abar egiten dituzte. Urte askoan ez dugu eduki herriko dantza talderik, eta aurten umeen hiru talde daude prest dantza egiteko. Domekarako ekintza polita antolatu dugu. Dantzak, trikitilariak eta Nafarroatik etorritako dultzainero eta erraldoiak egongo dira, Arrotxapekoak [Iruñea]. Ekintza borobila izango da eliza inguruan, Zaldua plazan.

Gazteen gogoko taldeak ere izango dira, noski.

Valentziatik Obrint Pas taldea dator. Jende gazteak dio oso talde ospetsua dela.

Krisiaren eragina nabaritu al da aurrekontua prestatzerakoan?

Neurri batean, iazko aurrekontuari eutsi diogu, eta jai txukunak antolatu ditugu. Ea eguraldiak lagundu eta jendeak parte hartzen duen.

Bapo jateko aukera ere izango da.

Odoloste jatea betidanik egin da. 85 kilo odoloste pintxotan jan ditugu. Arrakasta handia izaten du horrek. Zapatuan sardinak egiten ditugu. Udalak antolatuta, eta jendearen laguntzaz, sardinak eta solomoa prestatzen ditugu. Sagardo upela ere izango da. Jende asko azaldu ohi da, eta oso giro ona sortzen da. Jateko kontuetan, parte hartzea handia izaten da.

Atzo altxatu zenuten donien atxa. Zertan datza ohitura hori?

Gure inguruko herrietan eta auzoetan ohitura da jaien hasieran donien atxa jasotzea. Herrian ohitura hori galduta egon da urte batzuetan, eta orain dela hamabost bat urte hasi zen berriro egiten.

Aurten, Antonio Gutierrezek bota du jaiak hasteko txupinazoa.

Hainbeste urtetan gazteen alde eta txirrindularitzaren alde lan piloa egin du Antonio Gutierrezek, eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.