Iazko urtarrilarekin alderatuta, ETB1ek puntu bat galdu du eta ETB2k bi

'Wazemank', 'Goenkale', 'Mihiluze' eta 'Martin' ikusi dira gehien euskarazko katean, kiroletik aparte

Erredakzioa
2007ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
ETBko bi kateek beheranzko joera daramate azkeneko bi urteetan. 2007ko urtarrileko batez besteko ikus-entzule kuotak hori dio behintzat: ETB1ek %3,6ko batez bestekoa izan du, eta ETB2k, %15,1ekoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak dira horiek.

Konparazioak eginez gero, duela hiru urteko urtarrilean %6,2ko kuota zuen euskarazko kateak. Horrenbestez, bi puntu eta sei hamarreko galdu ditu ordutik ETB1ek. Iazko urtarrilean baino puntu bat gutxiago izan du.

Azkeneko hilabeteetako datuei erreparatuz gero, urritik hona hiru hamarreko galdu ditu ETB1ek; azarotik abendura apur bat gora egin zuen (%4,2ko kuota 2006ko azken hilean), baina ostera behera egin du euskarazko katearen audientziak urtarrilean.

ETB2k, era berean, datu hobeak zituen duela urte pare bat urtarrilean 2007ko lehen hilean baino. 2005eko urtarrilean %19,8ko kuota izan zuen, gaur egun baino lau puntu eta zazpi hamarreko gehiago.



ETB2KO ALBISTEGIEK, DATU ONAK. ETBtik, gaztelaniazko katearen albistegiak eta Pásalo magazina nabarmendu dituzte. Teleberri-k urtarrilean batez beste %20,4ko share-a eta 160.000 ikus-entzule izan ditu. Pásalo magazinak aste ona izan zuen urtarrileko azken-aurrekoa; urtarrilaren 23an, %22,1, eta 25ean, %21,5. El conquistador del fin del mundo programaren hirugarren edizioak, bestalde, %16ko audientzia izan du (140.000 ikus-entzule). Vaya semanita umore saioak 157.000 ikus-entzule ditu astero.

ETB1en Wazemank, Goenkale, Mihiluze eta Martin ikusi dira gehien urtarrilean, Balbemendi amaitu berriarekin batera. Ohi bezala, kirol emanaldiak izan dira ikusienak, pilota partidak batik bat.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 katea da liderra. Eguneko emanaldi ikusienen zerrendan gehienetan kate horretakoak ageri ohi dira. Adibidez, Karlos Argiñanoren programak asteazkenean %43,3ko kuota izan zuen; soilik Camera Café eta Yo soy Bea kate bereko saioek izan zituzten ikus-entzule gehiago.



ESPAINIAN, TVE1 ANTENA3EN AURRETIK. Espainian Tele5 ikusi da gehien urtarrilean 11. hilabetez jarraian (%20,8). Bigarren lekuan TVE1 dago, ia puntu bat galdu ostean (%18,3), eta oso gertu Antena3, hirugarrenean, abenduko portzentaje berberarekin(%18,2). Cuatrok orain arteko marka onena berdindu du: %7,5 (Munduko Koparekin eskuratu zuena). La2 kateak gora egin eta %4,8a lortu du. La Sextak, berriz, bi hamarreko galdu ditu:%3.

Urtarrilean, ikus-entzule bakoitzak lau ordu eta hiru minutu pasatu zituen egunero pantaila txikiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.