Hamaika Telebistako gonbidatu bati entzun nion nola Korrikak erakutsi digun, berriz ere, Euskal Herria ez dela berdea soilik. Baduela gorritik, horixkatik zein basamortutik. Badakigula, bai. Ahaztu egiten zaigu, ordea, maizegi. Telebistan, Euskal Herria lau haizetara eder hark gogorarazi zigun, garai batean. Egun, Ibil2d saioak hartu du lekukoa gure herri askotarikoa eta koloretsua ezagut dezagun.
Zazpi saio izan dira orain arte. Urduñatik Ebroren sorlekura, Arantzazu inguruetara, Baztango txokoetara, Arabako Errioxara, Lapurdiko kostara, Debatik Zumaiara eta Santurtzitik Bilbora joan da Jon Gomez.
Gure txokoak erakustea helburu duen saio horrek ez du antz handirik Euskal Herria lau haizetara zenarekin. Begien bistakoa da xumeagoa dela, baliabide gutxiagorekin egina. Noski, ohiz kanpokoa hura baitzen. Helikopteroz filmatutako irudiek handitasuna ematen zieten emanaldiei, mira ezin hobea. Ziur asko, errepikaezina ere bada. Oraingoak, baina, badu bere indargunea. Gertukoa da, eta horrek oso erakargarri egiten du haren sinpletasuna. Ibilbide bat aurkeztu, eta inguruetako herritarrekin gauzatzen dute; haiek ematen dituzte xehetasunak. Erakargarria egiten zait lanerako modu hori. Izan zen, aspaldi ez dela, hainbat pertsona ezagunek beren txoko maiteak erakusten zituzten saioa ere. Formatu horretan, lehentasuna aurpegi ezagunari ematen zaio, hala nahi gabe ere. Helburua hainbat leku berezi erakustea bada, egokiagoa da herritarrak hartzea bidelagun. Haiek ezagutzen dituzte inork baino hobeto. Ez dute turismo bulegoetan banatzen dituzten eskuorrietako zurruntasun eta zuzentasunik; beraz, sinesgarritasun handiagoa dute.
Saioaren beste indarguneetako bat aniztasuna da. Bisitatzen ditugun lekuen muina ez dago eskuorri horietan ageri diren lekuetan bakarrik. Lekuez gain, pertsonak, kultura, ohiturak, kirolak, historia, hizkuntza eta gehiago ezagutzea komeni da. Lekuan lekukoa. Bestela, gure inguruaren ezagutza edertasun bisualera mugatzen dugu. Eta horrek, izatekotan, bidaiatzeko aitzakia izan behar luke. Eta horiek ere, herritarrek emanak dira ETB1eko saioan.
Guk ere hala bidaiatzen dugulako. Oinez, hitzez eta begiek lagunduta, gozatzeko eta ezagutzeko. Bestela, argazkiak ikustea nahikoa litzatzeke.
Komunikazioa. Ekografiak
'Ibil2d'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu